Gure aiton-amonak gaur egun gure herrietatik buelta bat emango balute ez lukete sinistuko zenbat jende, arraza edo itxura desberdinetakoak ibiltzen diren gure kaleetatik. Afrikarrak, Hego Ameriketakoak, Asiatikoak, Marrokiarrak, eta abar luze bat gure inguruan bizi dira. Pixkanaka-pixkanaka azkeneko hamar edo hamabost urte hauetan izugarri igo da etorkinen tasa, eta jadanik gure bizilagunak bilakatu dira. Bere herrialdeak atzean utzi eta gurera etortzeko arrazoiak asko izango dira, baina behin erabaki hori hartu ondoren gure herrialdean lana bilatu eta bizitza berri bat eraikitzeko ahaleginak egiten dituzte denek. Hori bai, kanpotik ikusita ez da batere erraza izango. Bere jendea, familia, lagunak, herriak urruti geratu ziren, beharbada betirako, eta orain oroimen guzti horiek, hori dira, oroimenak eta herrimina. Gogorra benetan, eta askotan bertakoak ez dizkiegu gauzak errazten, egia esan.Errezelokin begiratzen diegu, ez dute gure ohiturak, hizkuntza, azalaren kolorea eta bere kultura askotan ez dugu ulertzen. Desberdinak ikusten ditugu eta kostatzen zaigu hurbiltzea, hitz egitea edo beraiekin harremana izatea. Baina gu bezalakoak dira, gizakiak gara, igualak. Globalizazioko mundu honetan, gauza asko aldatzen ari dira gizartean, eta gu ere ohitzen ari gara. Onartu behar dugu gure herriak dagoeneko koloretakoak direla, kanpotik etorritakoak gureak bezala ongi hartu behar ditugu. Azken finean guri ere tokatu eta tokatuko zaigu beste tokietara joaten, mundua koloretakoa baita.