Arbizun, Loinazbide karrikan, gaztandegia zen eraikin batean Harbizi izeneko tailer bat mustu du Miren Ustarrozek. Lehendik ola honetako sotoan Hesian taldeak bere entsaioak egiten zituen.Oso aspaldi ez dela Jon Juaristik aipatzen zuen euskaldunek ardienganako duten nahikari ia susmagarria eta apika bilbotar jakintsuari kasu eginez lehengo jabeak eraikina ardikerietatik askatu eta alokairuan paratu, eta birziklajegintza eredugarria gauzatu dute txoko horretan. Gazten ordez moldeak, irudiak eta doinu dantzagarriak. Gaztaren eta kearen usainak oraino aditzen direla bestelako sorkuntzen habia izatera iragan da Leziza uralde ttikiaren ertzeko etxetxoa.Oteizak eta Arestik euskal kulturgintzaren goiko aldarera ekarri zuten harria, haren bolumen, aipamen, hutsune eta teoriekin. Ondoren Perurena etorri zen eta koska bat gorago jaso zuen harria eta ehundaka lepobuelta egin zituen harekin, ttattarra bailitzan.Oteiza, Aresti eta Perurena. Harriaren hirutasun saindu bikaina. Paleolitiko, mesololitiko eta neolitikoaren gainetik Postlitikora iritsi ginen azkenean, Jon Juaristiren pozgarri. Orduan, nonbait titanioaren onurak aurkitu zituzten Bilboaldean eta zaflen tenplu bikaina jaso zuten Ibaizabalen magalean.Baina harriak bizirik dirau eta Arbizuko horretan txoko atsegin eta gozoa hartu du ostatu. Harri puskak landuz, marruskatuz, hustuz biziari ertz berri eta gogorrak, zahar eta panpoxak, edota mardul eta zoragarriak kentzen ahal dizkio artistak. Gero gutako bakoitzaren baitan esanahai propioa hartuko du. Beste hainbat tokitan bezala, Aralar eta Beraingo zolan-zolan , miniaturan, xume harria bizirik da.