Prebentzio programatik interesgarria iruditu zaigu drogen kontsumoa eta sexualitatea eskutik hartzea, hauen artean egon daitezkeen loturak aztertzeko. Sexualitate kontzeptua askotan sexua praktikatzearekin bakarrik lotzen dugu, begiradak, keinuak, hitzak, fantasiak, urduritasuna, emozioak...alde batera uzten ditugularik. Sexualitatea, emakumezko edo gizonezko izateko dugun moduarekin zerikusia duen oro da. Esan dezagun, emakume eta gizonezko izateko modu asko daudela, pertsonak bezain beste. Hortaz sexualitatea, identitatearekin dauka zerikusia. Sexualitatean (sexu praktika batzuk izan edo beste) eta bai kontsumoetan guk erabakitzen dugu zein kontsumo mota izan nahi dugun hauekin. Garrantzitsua da argi izatea bi esparru hauetan azken erabakia guk hartzen dugula, gure baitan dagoela harreman mota hori zein izango den erabakitzea. Festa, ligoteoa, gaua, aisialdia, sexu harremanak... kasu askotan harreman zuzena izaten dute. Jendeak, kasu batzuetan eta beste arrazoien artean, ziur sentitzeko, lotsa galtzeko, desinhibitzeko, gustatzen zaion pertsonarengana hurbiltzeko... kontsumitzen du. Eremu hauetan jarrera irekiagoak ditugu sexu harremanak izateko eta era berean sustantzien kontsumoa handiagoa izaten da. Edozein lekutan ligatu dezakegula argi dago, zineman, liburutegian, lanean... baina egia ere bada, askotan ligatzea aisialdi esparruekin lotzen dugula. Dakigun bezala, sexu praktikek plazerak eta arriskuak ekar ditzakete, eta gauza bera gertatzen da drogak eta sexualitatea elkartzen ditugunean. Drogak kontsumitzeak gure pentsatzeko modua aldatu dezake, arriskua ikustearen nibelak jaitsi daitezke eta kasu batzuetan gure kontzientzia maila ere jaitsi daiteke. Guzti honekin sexu transmisioko gaixotasunak eta haurdunaldiak eragiteko arriskuak handitu daitezke. Drogek giza sexu erantzunaren hiru fasetan eragin dezakete: sexu desiran, eszitazioan eta orgasmoan. Droga asko dira sexu desira txikitu dezaketenak, nahiz eta beste batzuk desira handitu dezaketen, afrodisiako bezala jokatuz. Droga batek sexu desira handitu badezake ere, horrek ez du esan nahi hurrengo faseak hobetuko dituenik. Estimulu egokiak emanda, hurrengo fasean, eszitazioan, gizonek eta emakumeek zenbait aldaketa fisiologiako sumatuko dituzte. Fase honetan ezinbestekoak dira aldaketa hormonalak eta faktore honetan drogen kontsumoak ondorio negatiboak izan ditzake, nahiz eta batzuetan positiboak izan. Estimulazioak jarraitzen badu, tentsioa akumulatzen joaten da eta orgasmoarekin liberatu egiten da bat-batean. Drogen kontsumoak eragina izan dezake honen iritsieran eta intentsitatean. Kontutan izan behar dugu, beraz, giza sexu erantzunean dauden hiru faseetan faktore askok eragin dezaketela: urduritasunak, estresak, aurreiritziak, kulturak, sustantzia batzuen kontsumoak dosi batzuetan... Sexu ziurra praktikatzeari garrantzia eman behar diogu. Drogen efektupean gaudenean hauen eragina kontutan izatea gomendagarria da!