Zertarako?

Kima euskara taldea 2011ko eka. 3a, 00:00

Pasa dira hauteskundeak eta osatu dira udalak. Sakanako Mankomunitatearen osaera etorriko da gero. Ziklo berrirako prestatzen hasi dira gure erakundeak, beraz. Eta egituraketa horretan batzordeak sortzea tokatzen da. Batzuek bere programan aipatuko zuten, besteek ez, baina Sakanako erakunde batean baino gehiagotan euskara batzordeak sortuko dira. Eta gure galdera hauxe da: zertarako euskara batzordea? Benetan sinesten delako hala behar duela eta lan egiteko? Edo kexak uxatu eta lorontzi edergarri bat izateko? Zertarako?Zinegotzi berriak ilusioz, beldurrez eta arduraz ekinen diote bere egitekoari. Baina guztiek ez dute gure hizkuntzarekiko inplikazio bera izanen; soziolinguistikari buruzko ezagutza ezberdina izanen dute. Nork bere jakintzarekin aurre eginen dio euskara batzordean parte hartzeko erronkari. Helburuak ezberdinak izanen dituzte. Batzuk eragin, kontrola besteak. Baina euskara batzordean kargudunez gain eragile euskaltzaleek ere parte hartu behar dute. Sakanan mugimendu euskaltzalea oso-oso ahul dago. Jarduera jarrai bat duten talde eta eragile euskaltzaleak eskasak dira. Bizi iraupena bera gauza handia da eta, haien ahuldadean, euskara batzordeetan parte hartze bera ere ahalegin handia eskatzen die eragile euskaltzaleei.  Euskaraz bizitzeko aukera bermatu behar zaie sakandarrei. Eskubide pertsonal eta kolektibo hori bermatzeko zeregin handia dute euskara batzordeek. Ezinbestekoa da udaletakoak eta mankomunitatekoak koordinatuta aritzea. Ezinbestekoa da koordinazioa izatea instituzioen eta eragile euskaltzaleen artean. Nork bere bidea eginez, baina helburu komunarekin. Indarrak galtzea luxu bat da. (Beste baterako utziko dugu lau urtetik sortzen diren etena eta norabide edo irizpide aldaketak).Onerako aldaketa litzateke euskara batzordeak euskaltzaleen ekimenen koordinatzaile izatea; eragileen indarrak batzeko gaitasuna izatea; eragileak biltzeko gaitasuna izatea; kosta ahala kosta adostasunerako borondatea duen pertsonez osatuta, elkar entzun eta ulertuko dutenak eta, beti ere, bestelako interesen gainetik hizkuntzaren normalizazioa helburu dutenak. Handik kanpo, bakoitzak nahi duena. www.altsasukokima.com