EUSKARAREN ERABILERA

Adelaida Kintana 2011ko eka. 10a, 00:00

Ez ote zait gairik aterako?  Ez ote zait gai entretenigarririk bururatuko orri honen zuritasuna belzteko pixka bat?  Tira, ez datorkit euskara baino gai interesgarriagorik. Euskara hitzak betetzen digu ahoa, baina, zoritxarrez, ahoa ez zaigu euskaraz betetzen.  Hor dago koxka! Paperean oso polita da dena, baina praktikan oso gutxi aurreratu dugu, eta gai honi buruz hausnarketa egiteko denbora hartzen dudanean larritzen hasten naiz.  Edonora noala euskararen erabilera eskasak kezkatzen nau.  Ikastolan eta D ereduan ikasitako gazte gehienek gaztelera dute ahoan, honek ondorio batera narama, euskara bai, ikasi dute, baina euskaltzale gutxi hazi eta hezi dugu.Bestalde, Administrazioan ikusitako gabeziak salatu egiten ditugu, baina egoera ez da asko aldatzen.  Orain urte batzuk euskararen normalizazioa aurrera zihoala iruditzen zitzaigun, baina denbora batetik hona geldialdia eta atzerapausoak ere sumatzen ditugula iruditzen zait. Garai batean Administrazioak luzatzen zituen dokumentuak eta agiriak bi hizkuntzatan egiten ziren, orain, berriz, dena gaztelaniaz, eta euskaraz nahi baduzu eskatu egin behar, eta gainera bi hizkuntzatan ematen dizute.Arduradun politikoen borondate falta ikaragarria da, are gehiago esango nuke nik, hemen, Nafarroan, batzuek borondatea bai, baina guk maite dugun hizkuntza ezabatzeko borondatea dute. Horren adibide garbia eskoletan ezarri nahi duten english eredua da. Beraz, hori ikusita euskaltzaleok mugitu behar dugu (ohitura ez galtzeko). Euskarak aurrera egingo badu, euskaltzaleok euskara erabili egin behar dugu, ez da nahikoa jakitea. Jendea motibatu behar dugu euskaraz egin dezan, benetako erabilera bizia izan dadin. Eta zenbat eta gehiago erabili orduan eta errazago eta erosoago aterako zaigu euskara ahotik.Orain dela gutxi hauteskundeak izan dira, eta atera diren emaitzak onak izan daitezke euskararekiko.  Espero dezagun politikariek ere euskarekiko konpromisoa hartzea, euskaltzaleok bezala.