Errausketaren kontrako Altsasuko bizilagunok, Nafar Gobernuak Olatzagutiako Portland lantegian biomasa erretzeko eskakizunari baietza eman ostean, zera adierazi nahi dugu: biomasa erretzea lehenengo pausoa izango dela, eta bere proiektuaren arabera "balorizazio" izenarekin ezkutatu nahi duten beste hondakinen errausketari ateak irekitzea suposatzen duela. Enpresaren helburua gaurko egunean beraien labeetan erabiltzen duten Pet-coke erregaiaren %30 hondakinen errausketarekin ordezkatzea dute benetako helburu. Zehazki biomasa %3 besterik ez du ordezkatuko, eta beste %27 gurpilez, depuradoretako lokatzak, hondakin urbanoak eta bestelako zakarrengatik aldatuko lukete.Errentagarritasuna Nafarroak sortutako hondakinak erretzearekin batera etorriko litzateke, noski. Jardun honek lantegiaren inguruan bizi garenon osasuna hipotekatuko luke, Europa mailan erraustegien ondoan bizi diren 75 milioi biztanleengan egindako ikerketa objektibo batek dioenez, edo 33000 medikuren izenean, hondakinen errausketak sortzen dituen minbizi eta bestelako osasun arazoen gainean publikatutako txostenak azaltzen duen bezala. Aipatzekoa da Bilbotik 2 kilometrotara gertatutakoa, non Zabalgarbi erraustegiak berak eskatutako ikerketa batean, erraustegiaren ondoko lurrak beruna edo kadmioa bezalako toxikoez beteak daudela erakutsi duten. Penedés bailaran, bestalde, erraustegi bat jartzeko proiektua gelditu zuten, batez ere Codorniu eta Freixenet enpresek egindako presioari esker, gertu zeuzkaten mahatsak kutsatuko zirenaren beldur. Ozen salatzen dugu Nafar Gobernua eta Portland lantegia, errausketaren inguruan bailaran babes soziala eskuratzeko asmoz, Sakanak bizi duen egoera laboralaz baliatu direla. Guzti hau Altsasu eta Olaztiko herrien parean edo Sakana osoa urez hornitzen duen Urdalur urtegitik 5 kilometrotara.Zergatik kutsatu nahi dituzue gure seme alabak? Zergatik gure airea toxikoez bete? Altsasun erraustegiaren kontrako 1500 sinadura bildu ditugu, nahiz eta herriko zenbait taberna eta komertzioetan orrien lapurretak jasan. Zuen fartsa desegiteko lan egiten jarraituko dugu, argi izan hori.