Urtarrileko manifa jendetsuak erakutsi zigun herriak presoen arazoarekiko duen sentsibilitatea, baita bidearen nondik norakoa ere, indarrak biltzea alegia. Askoren ahotan dago une honetan presoen gaia, politikoenean ere, baina presoak etxera ekartzeko konpromisoan noraino joan nahi dugun da zehaztu behar duguna. Preso gaixoak etxean, bizi guztirako kondena gehigarriaren legea bertan behera utzi, kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak aske, eta sakabanaketa eta isolamenduarekin eta inkomunikazioarekin orain bertan bukatu. Horiek dira ezinbesteko lehen pausoak. Orain bertan eman behar direnak.Gure senide preso eta geure egoeraren exijentziatik eskatzen diegu hautatu berri guztiei bide horretan lan egiteko, giza eskubide oinarrizkoen arazoa baita. Baina batez ere presoekiko sentiberatasuna eta atxikimendua erakutsi diguten guztiengana zuzentzen gara. Presoen aldeko tsunami bat sortarazi behar dugu, presa sartu behar diegu hitz zuriak botatzen dizkigutenei, eta presoak etxeratzeko atakan jarri presoekiko mendekua eta herra erakusten digutenak. Bide luzea dela diotenei laburtu egin behar dugula erantzuten diegu. Bide zaila diotenei berriz, aitortzen diegu zailtasuna, baina horrek izan behar du aurrera egiteko akuilu. Asko gara bide hori egin nahi dugunok, bildu gaitezen. Indartu ditzagun presoen aldeko taldeak, egin ditzagun jendetsuak Asken Ostiralak, bete ditzagun balkoiak presoen banderolaz, oratu ditzagun presoekiko ekimenez herrietako jaiak, bedi herri bakoitza presoen makulua. Egin dezagun bidea, presoak etxera eskubide guztiekin