Kafesne bat eskatu, eta zigarreta erretzen dudan bitartean egunkaria irakurtzen dut. Edozein dela ere. Irekitzen dut, paper zahar usaina sentitzen dut, eta eskuak tinta beltzez zikintzen ditut. Orri bat, eta beste bat. Titular bat irakurtzen dut, eta, ez, albiste hau ez zait interesatzen. Baina nola jarri dezakete hau horrela! Manipulatzaile galantak... Hara! Hau bai interesantea...Hedabideak krisi garaian daude. Eta are gehiago euskarazko hedabideak. Sektoreak ekonomia krisia ez ezik, interneteko presentziarekin borrokatu behar du. Edozein hedabidek sufritzen duten arren, kaltetuena prentsa izan da. Hamaika krisi igaro ditu, baina azkena gogorregia ez ote den beldurra diogu. Irratia agertu zenean, prentsa desagertuko zela pentsatzen zuten. Izan ere, irratiak bat-batekotasuna eskaintzen zuen. Orain gertatzen dena, orain kontatzen dizuegu. Egunkariak ez, egunkariak egun batetik bestera eskaintzen zituen albisteak. Beranduegi, beraz. Ondoren, telebista agertu zen, eta irratia bera ere krisian sartu zen. Telebistak albisteak ematen zituen, egunerokotasunarekin, eta, gainera, irudiak ere eskaintzen zituen. Hala ere, bai irratiak bai prentsak biziraun zuten. Baina azken hamarkadetan internet agertu da. Bat-batekotasunetik bat-batekotasun handiena duen medioa. Zerbait gertatu eta une horretan bertan ikusi duen edozeinek informazioa, argazkia eta bideoa jarri dezake sarean. Egunkariak, irratiak eta telebistak esklusibitatea galdu dute. Interneten aurkitzen diren albisteei buruz hitz egiten dute. Kontrastatu eta gehitu egiten dute informazioa, gehienetan. Kazetaritza ofizio moduan galduko da? Etorkizuneko kazetariak herritarrak izango dira? Komunikazio zientzietako fakultateak desagertuko dira?