ISLANDIAKO LEZIOA

Raf Atxuri 2011ko uzt. 8a, 00:00

Herrialde urrun eta ezezaguna dugu Islandia. Futbol talde ospetsurik ez du, eta oso garestia turismoa egiteko. Historia luzea du, ordea. Norvegiar nobleak eta esklabu hartutako zeltak  IX. mendetik hasi ziren  izotzezko eta suzko lurralde hura jendeztatzen. Europako errepublika eta legebiltzar zaharrenetakoa osatu zituzten garai hartan. Gerora oparoaldiak, barneko istiluak, konkistak, izurriteak, susperraldiak, independentzia ( 1908an eta 1948an), ongizatearen bizimoduan txertatzea etab. etorri ziren.Azken urteotan Islandia gogor eta goizter jo du krisiak. Diruzalekeriak zenbait bankuburu tentatu, Erresuma Batuko eta Herbeheretako banku batzuk bereganatu Islandiako gobernuaren onespenaz eta txintxinaren hots  eztiaz gozatzen hasteaz batera herrialde osoa hondo-hondora ekarri zuten.Kapitalismo klasikoaren legera irabazpidea gutxi batzuendako izanen zen baina etekina barik erreka jotzea etorri  eta  kapitalismo klasikoaren  arabera galera denendako izanen zen. Horretan ados ziren guztiak: nazioarteko diru erakundeak, Erresuma Batuko eta Herberehetako gobernuak, baita Islandiakoa ere. Azalez eta hedabide handietan denak omen ziren ados hartutako neurri eta ondorioekin . Den-denak baina???Inondik inora  ez. Islandiako herria amorratu eta zutik jarri zen, aurre egin zien bertako bankuei eta gobernuari eta nazioarteko erakundeei eta berrontolatzeari ekin  zioten mehatxu eta presioen gainetik. Kalapitaren sortzaileei, bai, bankuburu eta politikariei ardurak eskatuko dizkiete. Konstituzio berria taxutzen ari dira, partaidetzaren mekanismoak martxan jartzen ari dira, konponbide zuzen baten xerkan auzolanean.Munduko hedabide indartsuen oihartzunik gabe baina jo eta ke arian. Izotzerrian sumendietako indar eta emanaz.