Gogoan dut orain dela hiru urte (ene! Hiru urte, erraz esaten da!) Alfredok deitu zidala ea Guaixen iritzizko atalean idatzi nahi nuen galdetzeko. Bizitzak erakutsi dit ez diogula ezetz esan behar eskaintzen digutenari, ezetz esan baino lehen hausnarketa egin behar dela; beraz, baietz esan nion eta hementxe izan nauzue matraka ematen noizean behin hiru urte hauetan.Esker ona besterik ez daukat tartetxo hau utzi didazuenondako. Atzera begiratzen badut Guaixeko laguntzaile xumea izateak zer ekarri didan konturatzen naiz. Lehenengo eta behin, adierazpen askatasuna, pentsatzen eta sentitzen dudana adierazteko aukera izan baitut.Noizean behin nora ezean sentitu naiz, paper zuriaren aurrean jarri eta zertaz hitz egin ez nekiela, gai asko buruan bueltaka, baina zeini heldu jakin gabe. Batzuetan irribarrea ezpainetan nuelarik idazten nuen, gutxitan malkoak ere atera zaizkit, beste batzuetan hortzak estuturik amorruaren amorruz eta zetozkidan irainak bota ezinik... honelaxe ibili naiz idazten nuenean. Eta lerrokada hauek aprobetxatu ditut nahi nuena aldarrikatzeko, haserretzen nauena salatzeko, oroitzapenak kontatzeko, gaizki iruditzen zaidana kritikatzeko eta oraingo honetan gero arte esateko.Beste aldetik, esker ona irakurri didatenendako, emandako lerrokadak irenstea ere! Zuek duzue pazientzia, zuek! Idatzi dudana irakurlearendako baliagarria izan bada, zerbaitetarako balio izan badizu bejon dakidala! Niretako bai, aberasgarria izateaz aparte onuragarria ere izan da. Norbaitek irakurri behar zidala pentsatzeak bultzatzen ninduen idaztera, eta ilusio handiz egiten nuen iritzizko testutxo hauek ekarpen txikia izan zitezkeela pentsatuz. Baina oraingoan, beste lagun batek idazteko txanda iritsi dela pentsatzen dut, eta horregatik, gero arte esan nahi dizuet eta, berriro ere, mila esker denoi.adelaidakin@gmail.com