KONDAIRA BAT OROITZ

Zoila Berastegi 2011ko uzt. 22a, 00:00

"Oroitu"; berriz ere bihotzetik pasa; iraganak izan ohi duen iluntasunari argi izpi bat zuzendu; izandakoa, egindakoa, esandakoa, berrizan, berregin, berresan; denboraren eraginez itzali dena berpiztu; berriz ere piztu.Agian maitatutako pertsona baten ustegabeko begirada; lagun artean gozatutako udako gauak, agur bat, ospakizun bat, eskutitz bat. Agian irain bat, musu bat, denboraldi bat edota momentu bat.Oroitzapenik gabe ezin gara bizi oroitzen dugunean bizitza bera den misterioari zentzua ematen diogulako. Oroitzea berreraikitzea da eta fin horretan gu geu berreraikitzen gara.Gizakiak imajinetan pentsatzen dugu, horregatik bizipenak izan ohi dira gure irakaspenik handienak. Imajin bat sortZen da norbere baitan eta harekin eskutik ikasitakoa.Hortik datorkigu geure izaera kontalaria; bizitza imajinez beteriko ipuin bat delako.Geure buruari eta gutaz jakin nahi duenari kontatzen diogun ipuin bat, nor garen azaldu nahian. Berriz ere bihotzetik pasatzen dugun pasarte bat, bihotz bidea ezagun duen pasartea. Izan ere, ez dira bizipen guztiak barreneko begien bistara geratzen; bai, ordea, bihotza hunkitzen digutenak, gure ipuin pertsonalean orri txuri bat beteaz, kontatu edo ez norberaren esku geratzen da.Bizitza biziki biziz oroitzapenak eraiki. Geure bizitza printze, dama eta herensugez betea dagoen kondaira bat delako; kontatzeko era bat, oroitzeko era bat, bizitzeko era bat.