Idaztea gustatzen zait. Papera hartu eta irudimenak ematen didan guztia azaltzea gustatzen zait. Gertaerei buruz informatzea gustatzen zait gehien. Horregatik, karrera aukeratu behar izan nuenean bokazioa erabili nuen. Bokazioari kasu egitea, hala ere, ez da batere erraza, atzetik hitz hauek entzuten nituelako: "Irteerak duen zerbait aukeratu behar duzu". Irteerak...barre egiten dut une honetan lan irteera horiei buruz.Nork esango liguke selektibitatea gainditu eta unibertsitatean matrikulatu ondoren bi urte eskas geroago ekonomia krisi mundialak eztanda egingo zuela? Nork esango liguke mundu honetan garrantzitsuena ez dela ikastea? Nork esperientzia ere, gehienetan, ez dutela kontuan hartzen? Eta irteerak, non daude? Lizentziatua naiz, eta ikasturte bakoitzean gainditu beharrekoa gainditu dut; eta notak ere ez ziren txarrak. Baina, zertarako balio du hainbeste esfortzu? Zertarako dena gainditzea eta nota onak ateratzea? Zertarako karrera bat egitea? Zertarako..."Gazte-heldua" naiz. Lan munduan hasiberria, beraz. Baina esperientziaduna. Eta dagoeneko badakit, askotan ikusi, sentitu, eta nabaritu dudalako, edozein lan sail dela ere, aitabitxiak edo babesleak izatea garrantzitsuena dela. Gazteleraz esaten den moduan: "aitabitxirik gabe ez zara bataiatzen". Eta aitabitxien taldean daude lagunak, lagunen lagunak, ezagunak, senideen lagunak, senideen senideak, eta abar. Beste esaera batek esaten duenez: "Infernuan ere lagunak izan behar ditugu".Etorkizuna iluna ikusten dut. Ez; iluna, ez. Etorkizuna beltza ikusten dut. Eta beste karrera bat aukeratu izan banu ere, etorkizuna orain bezain beltza ikusiko nuke. Ez naiz damutzen ikasi dudanaz, bokazioa dudalako, idaztea gustatzen zaidalako, eta komunikatzea gustatzen zaidalako. Baina...barkatu; hitzik gabe gelditu naiz.