Oporrek zutabe honi ematen dioten kurtso bukaera aurreko talaiatik begirada orokor bat emanez, azken bidea luze eta astun joan zaigula dakusagu. Berez izanik eramanzaila kartzela-politikaren krudelkeria, gorrotoak, mendeku goseak eta interes politikoak eragindako Estatuen itxikeriak egin du batez ere luzea eta gogorra hilabeteotako ibilbidea. Betiko inmobilismoan jarraitzen dute temati gobernuek, esperantza itotzea dela haien estrategia, etengabeko erasoa beraien taktika. Jarrera are arbuiagarriagoa presoen aldeko aldarria oraindik ozenagoa erakusten duen sasoi politiko berriarekin talka egiten duenean. Paisaia ilun horrez harago baina, aurrerapauso handi eta azkarrak eman ditugun bizipena dugu, trinkotu egin direla gertakizunak bizipenak eta sentipenak, azkartu egin delako denbora. Aldaketa zurrunbilo bizi eta sakon horretan lehen mailan jarraitzen du presoen arazoak, herriak oraindik ozenago exijitzen die politikoei presoena dela konpondu behar duten lehenetariko arazoa, eta politiko zikoitz maltzur eta zitalenek ere badakite ezingo diotela presoen arazoari bizkar eman. Epeak luzatzea izanen da hemendik aurrera arerioaren amarrua, denbora azkartzea da besteok dugun zioa. Ez dago lasterbiderik, baina bidea egiteko denbora bai laburtu dezakegu. Hori da gaur egun dugun erronka eta erantzukizuna. Oporrik gabeko opor hauetan. Ezin dugu bidea eman beharreko pausoez laburtu, baina pausoa bera bai azkartu dezakegu, motzagoak egin epeak. Udazkenean zutabe hau itzuliko denean pauso luzeak emandako itxaropenean izanen da, pauso berrien atarian.