Iruñeak amore eman behar izan zuen uztailaren 25 hartan, Donejakue festa katolikoaren egunean, eta espainiar armada sartu egin zen bere militarkeria eta handinahikeria kolonialista guztiarekin. Espainiarrek, ordea, urteak behar izan zituzten etengabe birsortzen zen erresistentzia laxatzeko, nahiz eta herritarrak neurri errepresiboekin eta mehatxuekin soka motzean saiatu zuten.Oroimen historikoa berreskuratu behar dugula diogunean, herri zapaldu honek historikoki pairatu behar izan duen inbisibilizazio prozesua gainditu beharra dagoela esan nahi dugu. Lehenik eta behin, benetan gertatutakoa argitu, konkista bat izan zela argi utzi, bortizki herri honek subiranotasuna galdu zuela baieztatu. Eta horrekin batera, garaituen memoria berreskuratzea, hau da, anonimatutik atera izen abizen horiek guztiak, inbaditzailearen aurrean ez makurtzeagatik esperientzia latzak pairatu behar izan zituztenak. Armada inbaditzailea Nafarroan sartu zenetik, ofizialki, desagertu egin ziren nafar menderakaitz horiek guztiak, hain zuzen. Aurreratzean, "frantsesak", "sorginak", "traidoreak", "lapurrak", "herexeak" eta "bide-lapurrak" izango ditugu espainiar zein frantziar historiografietan. Ez, ordea, garaiko nafarrentzat, 1521ean, Amaiurko Gaztelua erori baino hilabete batzuk lehenago, Venetziako enbaxadore Gaspar de Constantinik Karlos I. enperadoreari idatzi zion bezala. Nafarroan, bi alde izanda ere (agramondarrak eta beaumondarrak), "universalmente, todos los de este reino tienen odio a los españoles y desean su rey natural".Garai hartatik datozkigu torturen inguruko lehenengo berriak, Gotorlekua, lehenengo polizia-etxe handi hura, eta Erregeordeak, gero Buru Politikoak, Gobernadore Zibilak eta Gobernu ordezkariak izango zirenak. Eta etengabeko belaunaldi-galera handia, milaka gaztek alde egin behar izan baitute derrigorrezko zerbitzu militarretara ez joateko.Jazarpen-egoera horren ondorio zuzena da egun pairatzen dugun akulturazio prozesua, zeinek inposatutako kultura besarkatzera bultzatu eta behartzen gaituen. Horregatik, hain zuzen ere, akulturazio hori gelditzeko, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenean bat egin dugu eragile asko, irakaskuntza- eta ikerkuntza-arlokook zein oroitzapen historikoa aldarrikatzen dugun herri mugimenduok. 2012ko uztailean bostehun urte beteko dira gogorarazteko. 2012. urtean espainiarren aldetik jaso genuen konkistak bost mende beteko ditu. 500 urte askatasunik gabe, estaturik gabe, indarrez okupatuta, gure buruarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko aukerarik gabe.Ezin dugu konkistarik ospatu. Konkistak salatu beharko dira, konkistan gertatutakoa zabaldu eta argi eta garbi aldarrikatu tragedia bat izan zela estaturik gabe gelditu izana, nabarmenki faltan botatzen baitugu oraingoan, XXI. mendean, kendu ziguten soberania.