Giza burmuina gauza konplexua da. Zenbait ideien artean ageriko harremanik egon ez arren, batetik bestera loturak sortuz, erraz egiten du jauzi. Orain dela egun gutxi horrelako zerbait gertatu zitzaidan Nafarroako mapari begiratu bat ematen ari nintzela. Mapa hartu eta Sakana bertan kokatu ondoren, garuna ideia batetik besterako bere lotura festan hasi zen: Sakana Nafarroako sartaldean dago, ezkerraldean beraz. Euskal Herriko ezkerralderik ezagunena Bilbo ondoan dugu: langabezia, kutsadura, azpiegitura erraldoiak, zentro komertzial handiak, kontsumismo basatia; kapitalismo kupidagabearen emaitza perfektua.Horretan ari nintzela, eta azken hilabeteetako berriak buruan, gure ezkerralde partikular hau bestearen bidean jarria ez ote den sortu zitzaidan zalantza.Han bizi izan duten eraldaketa berbera bizitzeko bidean gaudela dirudi. Krisiaren izenean langabezia handitzen utzi ondoren, edozein lan edozein baldintzetan onartzeko bidean jarri nahi gaituzte. Lana sortzearen izenean eta aspalditik buruan zituzten azpiegitura guztiak onartzera behartu nahi gaituzte: Zangituko poligonoa (Sakanako industriagune guztiak enpresez gainezka nonbait), Abiadura Handiko Trena (Lapurdin geratua denetik iparralderako konexioa zalantzan egon arren Foru Gobernuaren politika ekonomikoaren izar), Olaztiko porlandegi-erraustegia, Tentsio Altuko bide elektrikoa,etab. Beraien proposamen guztiak, menpekotasunez josiriko ekonomia eta gizarte eredua sortzera daude bideratuak, eta hortara doaz.Gauzak honela, IKEA Altsasun jartzeko proposamenaren zain nago.