Irenek edo beste haize zurrunbilo bortitz batek astinduak izan gintezke aukeran baina gurean sagar berrien usainak ekarten gaitu berriz udazkenaren errutinara. Ordu luzetako hegaldi astun baina goxo batetik bezala bizimodu arruntera lurreratzen gara burua nahasirik eta zainak motel, betiko galderez eta keinuez hornitzen dugula itzulera.Altsasun duela urte batzuk ahogozo alemaniarra uzten digu itzulera honek Garagardoaren Karpa dela-eta. Kuttuna bihurtu zaigu dagoeneko Oktober Fest zubeztiar edo iortiar hau eta egun batzuetan sagardo, txistor, ardo beltz eta txuletoiari garagardoak, ukondoak eta saltxitxak aurrea hartzen diete. Aurten, alta, Altsasun ere eta garagordotegitik gertu halako lehiakide bat atera zaio okeljanari. Izan ere, Lurrazpi tabernan jatetxe bejetarianoa mustu dute eta seitan, tofu, alga eta mota askotako barazkiekin beste eskaintza erabat ezberdina daukagu eskura, ona eta prezio onean.Nago Altsasuko ostalaritza eskaintza aberasten duela izugarri proposamen honek eta jendeak bestelako jateko moduak ezagutzeko bidea ematen duela. Honetaz ari ginela afalkide batek erabaki zuen zurrun eta zorrotz: "Bai, baina jendea garagardotegian, ukondoa jaten". Tira, esan nuen nire artean, izan dadila jendea asteburu batez ukondo-janzale eta Oktober Festzale, bestelako gutiziak dastatzeko denbora izanen du eta.Euskal zinemagintza ere gutiziaz lepo dator egunotan: Imanol Rayoren Bi anai Zinemaldian mustutzekoa da, Zuberoan Xora izeneko filma amaitzen ari dira eta Gorritiberearen Arriya txarteldegian da. Banoa ikustera!