HAS HADI

Zoila Berastegi 2011ko ira. 16a, 00:00
Astelehenek, urtarrilaren 1ak eta irailek badute antzekotasunik. Denborari so eginik hasiera bat dute komunean. Bai... hasiera. Hasieren mezulari dira; alkimia kontua balitz bezala hasiera dute esentzian. Proposamen, helburu eta aukera berriak ekarri ohi dituzte soinean egun, astegun eta hilabete horiek. Eta ni neu ere, ikasturteko lehen  testua idatzi behar honetan, zer idatzi jakin ezinik nabil. Badirudi esango dudanak garrantzia behar duela izan; sakontasuna; mamia. Zergatik? Ikasturteko lehen idatzia delako. Auto-exijentzia horretan harrapatua sentitzen dut neure burua, eta muzin egin nahiko nioke, biluztuz, lotsagabe utziz; hitz saltsa honetara gonbidatuz.Ihes egin nahiko nieke astelehenei, urte eta kurtso hasierei. Eta gogora ekarriko nituzke astearteak, 13ak, azaroak, otsailak, ostegunak, 27ak, 5ak, eta lehenak ez diren guzti horiek. Hasiera zorrotz eta nahitaezko  baten antzezle ez diren denbora adierazle guzti horiek. Guztiak goraipatuko ditut oraingo honetan; nahi gabe, ustekabean, proposatu gabe, askotan, gehienetan, hasiera handienen testigu izan ohi direlako. Zergatik? Norberaren bizitzaren jario horretan besterik gabe momentu egokia iristen delako norberaren kontrol atzaparretatik kanpo; ezustean. Eta horiek izan ohi dira benetako hasieren, eta halabeharrez, benetako aldaketen orbel; barne denboren orratzez gidatuak datozen momentuak, erabakiak, proposamenak, helburuak, nahiak, ametsak... hasierak.Horregatik, gaurko hau ez den beste momentu batera itxaron beharko duzue nire eskutik  idatzi sakon eta mamitsu hori irakurtzeko. Hurrengora arte, beraz.