Telebista ikusteko ohitura zabaldua dago oso, berez ez du txarra izan behar, baina beti hausnarketa kritikoarekin lagunduta badoa aberatsagoa izan daiteke.Azken boladan teleberriko ekonomiako atalak beldurrezko filmak baino ikara handiagoa sorrarazten digu. Jadanik, gaur egun ekonomikoki zein gaizki dagoen egoera eta datozen urteak zailak izango direla denak ohartu gara. Horregatik kexa, errukitasuna edo errudunak bilatzea ezin da bide bakarra izan gure poltsikoa hutsik dugunean.Aldaketa garaian sartuak gaude eta horrek beti beldurra eta zalantza sortzen du. Nahiz eta betaurreko aldaketa, hausnarketa eta kritika sakonagoak eta proposamen ezberdinak behar izan (emaitza ezberdinak nahi baditugu, zergatik jarraitzen dugu gauzak modu berean egiten), konturatu behar gara egoerari aurre egiteko trebetasun eta gaitasunak ditugula.Eztabaidak, elkarrrizketak, elkarlanak, trukeak, harremanak balio handia izango dute eta izan dute gure herrietan. Dirurik ez dagoenean, baliabide hauek beti izan duten garrantzia berreskuratzen dute.Oraindik kosta egiten da honetaz ohartzea, azken urteetan tresna hauek erabiltzeko ohitura oso utzia eta agian galdua izan dugulako. Dirua nahikoa zen gure behar guztiak betetzeko.Hala ere, ez da fede kontua, bakoitzak praktikan jarri eta emaitzaren balorazioa egitea nahikoa da ohartzeko zenbat gauza lor daitezkeen giza baliabide hauek erabiliz gero.Stephen Coveyk esan zuenez: "Pentsamendu bat erein eta ekintza bat uztatu, ekintza bat erein eta ohitura bat jaso, ohitura bat erein eta izaera bat bildu, izaera bat erein eta norako bat lortu."Aipamen honekin burura hurrengo galderak datozkigu: ereiten ari gara? eta zer ari gara sortzen? zer da eragin nahi dugun hori?Amaitzeko, ezin dugu ahaztu horrelako prozesuek eta aldaketek bere denbora, abiadura eta erritmoa dutela, baina zerbait lortzeko lehenengo asmoa eta lana jarri behar dela.