Hemen gatoz oporrik gabeko oporren ondoren. Oporrik gabe: presoek dirauten bitartean oporrik ez dugulako, eta udako notizia bihurtu gaituztelako. Ohiko debeku eta oztopoez gain, Norvegiako hiltzailearekin berdindu gaitu buruzagi batek, irain erasoa jasan dugu Gasteizko balkoian leku bat utzi zigutelako, Gasteizko egoitzan lapurreta susmagarria egin ziguten ateak bortizki bortxatuz, "Euskal preso politikoak" esaldia erabiltzea debekatu nahi izan dute, elkarte legala izanik ere festetan txosna jartzea debekatu digute, mehatxu anonimoak eta sabotajeak egin dizkigute balkoietan presoen banderolak jartzeagatik, auzitara eraman dute alkate bat herriko jaietan presoak etxeratzeko aldarria egin zelako, Madrilek publikoki dio ez duela presorik hurreratuko, etab.Baina babestuta gatoz itzulera honetan. Opor eta jaiotan nabarmena izan da presoen aldeko aldarria bai Euskal Herriko jai eta gune gehienetan, bai kanpotarrez lepo zeuden errepidetan eta mukuru ageri ziren hondartzetan, baita hainbat kirol jardunetan ere. Presoen aldeko elkarretaratze eta manifestazio kontaezin egin dira, gehienak oso jendetsuak. Politikoek eurek ere heldu behar izan diote presoen gaiari, xaxatzeko bazen ere.Uda honek garbi erakutsi du beste behin presoen arazoa herriaren kezka nagusietako bat dela eta politikoek ere badakitela nahitaez irtenbide bat eman behar diotela. Garbi dugu egin behar dugun bidea eta horri eutsiko diogu, irmoki, probokazio guztien gainetik.