Irailaren azken asteburuan, udazkeneko ekinozioan, egunak eta gauak ordu berdinak dituzte elkarrekin lehiatzeko. Udazkenean sartu gara behingoz, izan ere, aspaldi ematen baitzuen urtaroz aldatzeko gogoak ugariak zirela gurean. Udan egurra txikitzen jardun duten bizilagunek, pilatu dute hotza datorrenerako beren subajoetarako erregaia. Aspaldian entzuten hasiak gara onttozaleen esamesak, han badela eta ez dela , laster ditugu gurean koloretako xira eta euritako bitxien azpian basoetan galduko diren ehundaka udazkeneko benetako lore. Herrietako txoko guztietan hitz egiten da jada ehizaz. Basoan dabiltza aspaldi denboraldi berri baterako oporrak hartuak dituzten ehiztari ugari, postuetako andamio zaharrak ongi eusten, horiek sasi eta arramaz usoen begietara ikustezin bihurtuko dituztelakoan.Udazkenak aldaketa dakarrela argi dago, baina batzuentzat aldaketa ez da heltzen. Aipatutako usozale eta birigarrozaleek beren urteko sasoirik gogokoena pasako dute behin urriaren 12a heltzean. Bestalde, txukun bildutako egur zatiek beren funtzioa bete ahal izango dute eta etxe ugaritako tximiniek kea botako dute piper erreen usain ederrarekin nahastuz. Aldaketa beharra bai, baina uda amaitu denerako, lanik gabe dagoen gazteak, erabili gabeko egur zati baten gisa, berriz entzun beharko du karrikan ea oraindik oporretan jarraitzen duen, eta harek, sumindutako pazientziaz pentsatuko du aldaketa denontzat beharko lukeela izan.