Sukaldaritzak "jaten duzuna zara" dioen moduan, berdin esan dezakegu: "Oroitzen duguna gara". Herriari dagokionez, "Memoria historikoaz dugun ezagutza gara". Euskal Herria, Nafarroa, zer den eta zergatik pairatzen dugun egungo egoera ulertzeko, noiz arte egin behar dugu atzera? Memoria Historikoa Errepublika garaietara, Frankoren estatu kolpera edo 1936tik gaurdainoko historiara mugatzeak gaur egun garenaren argazki jakin bat emango digu. Gordina, krudela, injustiziaz betea ... Honek, ordea, ez digu argitzen nolatan iritzi garen honetara. Garai horretan, nafar erdiak Espainia ginen eta beste erdiak Frantzia. Karlistaldietara "Memoria" eramateak, berriz, ez digu argazkia asko aldatuko. Oraindik ere Pirinioek bi Nafarroak marrazten dute. Hegoaldeko euskaldunak Espainiako Ondorengotza borroketan nahastuta zebiltzan; irabaziz gero, antzinako Foruak. Galdu egin zituzten, ordea, eta independentziaren arrastorik ez.Euskal Herriko mapan Ziordia Nafarroa izatea eta Egino Araba noiz eta nola erabaki zen jakiteko ere historiara jo beharko dugu. 1066an, Eulateko Gideriz jaunak eta Antsa emazteak Yazarreta izeneko monasterio txiki baten dohaintza egin zioten Iratxeko monasterioari. Gipuzkoa eta Araba osoa ere Nafarroa ziren garaian ari gara. 1200. urtean, ordea, erabat aldatu ziren gauzak.Erromatarrek "Via Akitania XXXIV" deitu zioten Bordelen hasi eta Leizarraten (San Adriango haritzpeko pausoa) barrena Camposeko (Leon) lurretan Astorgaraino sartzen zen galtzadari. Alfontso VIII.ak, 1200ean, Gasteiz suntsitu eta Baionaraino bere osteak sartu zituenean, bide hori erabili zuen eta ez Etxegaratekoa. Horra hor eskola liburuetan aurkituko ez dugun azalpen bitxia.Historia euskaraz irakasteko testu-libururen batean, marraztua ikusi dudan Europako lehen mapa politikoa 1517koa izan da. Zuzen eta zorrotza. Ez zegoen Nafarroa. Kasualitatea urte hori aukeratu izana? Beharbada ez, 1511. urtekoa aukeratu izan bazuten, hantxe baitzegokeen Nafarroako Erresuma independentearen aztarna.1512ko mapak Nafarroa murriztuta erakutsiko digu, 1212koak eskumikatu gintuen kristautasunaren alde ari ginenekoa, 1200ekoak nafar mendebaldea inbaditu zutenekoa, 1076koak Nafar-Gortea Naiaran zegoenekoa, 1054koak Nafarroako erregea Gaztelako anaiak hil zuenekoa, Erresuma sortu zenekoa, Karlomagnori irabazi zitzaionekoa, Akitania-Baskonia ginenekoa eta abar.Hala nahiko lukeenak badu jotzerik kobazuloetan bizi ginen garaietara, baina aski genuke baskoien habitat naturalean giza-izaera eta kultura jakin eta propioa garatzen hasi ziren gizaki haienganaino jotzea. Euskara, gero linguae navarrorum izango zena, sortzen eta aberasten hasi ziren gizakienganaino. Dena da "memoria historikoa", eta esperientzia orok egin egiten gaitu. Hori dena gara.