KANTU GREGORIARRAK

Eduardo Galan 2011ko urr. 7a, 00:00

Abuztuak 20, 8:00 A.M. SOLESMES-EKO ABADIAN, FRANTZIA: Lainoak oraindik ibai gainean dira lotan. Nahiz eta oporretan egon, igandea eta kristaua ez izan, esnatu orduko banoa meza entzutera. XI. mendeko abadia honetako fraideak geldi eta banaka datoz meza berezi eta bitxia ematera. Otoitzak eta liturgia guztia kantu gregoriar luze bat dira, eta Jainkoari ailegatzeko, frantsesa eta latina dute hizkuntz mezulari. Zer diote? Auskalo. Turista moduan, han eserita, giro mistiko horretan murgildurik, ez ditut esandakoak ulertzen.Irailak 7, 15:00 P.M. ALTSASUN, SAKANA: Oporrak ahazturik lana bukatzean, gosez, etxean naiz. Telebista piztu eta albisteak ikusten ari naiz bazkariak, aurpegi nekatuaren aurrean, itxoiten didan bitartean. "Moody´s", "Standard & Poor´s" eta "Fitch Group"-ekoek, gaurkoan berriro ere estatu anitzen zorrak negatiboki kalifikatu dituzte eta Ibex 35-a eta munduko balore-burtsa guztiak, berriz, pikutara. Zer diote?, Nortzuk dira ke saltzaile hauek? Hauena bai finantza delinkuentzia antolatua. Hilabeteak dira ez ditudala albisteak ulertzen, baina nabari da gauzak gero eta okerrago daudela jende arruntarentzat. GAUR, HEMEN ETA ORAIN: Udazkena azkar doa. Gertakari ekonomikoei esker negu luze, ilun eta gorria datorkigu, aski da bailarari begirada bat botatzea. Dakitenek, guztion partez otoitz egin dezatela, baina oraingoan, mesedez, euskaraz, ea zerbait ulertzen dudan.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com