Lehengoan, ibilalditxo bat egiten ari nintzela, bat-batean erbi batek jauzi egin zuen bide bazterrean, segundoaren ehunekoak kostatu zitzaion bi salto arinetan sasi artean ezkutatzea, bizitasun iheskor eta basatia. Benetakoa, ederra!Udazkeneko hostoak gorritzearekin hasi eta udaberriaren atariraino iraunen duen sasoian basoko animaliatxoek ez dute tarterik izanen erromantizismorako. Arma, tiro, PUN! Sakanako mendietan ere nagusitu dira tiro hotsak nonahi. Mendi txangoa egitera ateratzeko ere pentsatu behar, perdigoi jasa bat hartu nahi ez bada. Akabo mendiko bakea eta magia!Harrigarria ehiztarien kontu hau! Ehiza nahikeria da, sen primarioari erantzuten diona, haur txikiek edozeri harrika egitearen tankerakoa, neolitikoan aurkariari burua moztearena bezalaxekoa. Alabaina, portaerak aldatu egiten ditugu hausnarketa eta heziketaren bidez.Arma, tiro, PUN! Hots leherkaria, odola, animaliatxoaren gorputz hotz gogortua, heriotza, ehiztariaren sen hiltzaile asegabea. Ez al da ederragoa lasaitasuna, naturaren kolore osaketa, haizea eta uraren kantu harmonikoa, mendi usain gozagarriak, txoritxoen txorrotxioa, animaliatxoen bizitasun magikoa, amalurrarekin bat egitearen asebetetasuna..."Maite ditut maite gure bazterrak" abesten du Mikel Laboak...Askatasunaren Borrokalariak badaki bera ez dela jabe, amalurraren magalean bizi den gizaki iragankorra baizik. Armarik hoberena, maitasuna!aingerumi@gmail.com