Aste honetan, aspalditik ezagutzen dudan Simone de Beavoir-en esaldi bat irakurri dut elkarrizketa batean. Berak hala zioen, " emakume ez gara jaiotzen, emakume egiten gara". Noski, ezin alde batera utzi berari esker egindako hausnarketak, gogoetak...baina oraingoan bere esaldia aitzakiatzat hartuta, sexologiaren oinarrian dagoen idei bati eutsiko diot.Sexologiatik- sexuaz hitz egiten denean, ez da egiten den sexuaz edo harremanez hitz egiten, sexologian sexuaz, hitz egiten denean pertsonak garen horretaz mintzatzen gara. Hau da, sexua, daukagun elementu bat da, gizakiok gizaki sexuatuak gara, beste era batera esanda horrela ez bada ez gara. Honek esan nahi du, gorputza dugula, eta gorputz horrek ezaugarri batzuk dituela, ezaugarri sexuatuak, jaiotzetik hil arte eraiki eta aldatuko direnak. Sexologian, bi sexu nabarmentzen dira, horrela jaiotzez emakume edo gizon gara, honek garunean eta gorputzean ekarriko dituen ezaugarriekin.Hori bai,azpimarratuz, emakume eta gizon izate horretan nabardurak daudela eta horregatik emakume guztiak ez gara berdinak gure osaketan, eta gizonezkoak ezta, jakina. Hau da, nahiz eta emakume eta gizonezkoez hitz egiten dugun, gero bakoitzaren sexuazio prozesuak banakakoak eta errepikaezinak suertatzen dira. Abiapuntu horretatik jarraituz, emakume eta gizon bakoitzak bere gorputza izateaz gain, bere gorputza bizitzeko, sentitzeko eta adierazteko moduak ditu. Horrela, emakume eta gizon bakoitzak, bere bizitzan, bere nortasuna, eta munduan egoteko bere era, eraikitzen joango da. Ildo honi jarraituz, eta Simonen esaldiaren harira emakume edo gizon egite horretan arreta jarriz, aipatuko dut elementu ugarik eragina izango dutela, hala nola, familiak, eskolak, lagunak, inguruak, eta abar... Hemen, eta elementu horien eraginagatik sortzen dira egoera gatazkatsuak. Honela, emakume eta gizon bezala nola sentitu, nola bizi eta nola adierazi esaten digutenean, eta aukera horiek murritzak izateaz gain gure bizipen, desio eta adierazpenen kontrakoak direnean mingarriak suertatzen dira. Hauek ez dute batere laguntzen norberaren bidea eraikitzen, eta hasieran aipatu dudan ildotik norberak nahi duen emakume edo gizon bezala bizitzeko aukerak ukatzen ditu.Beraz, sexuatuak jaiotzen garela esateak, emakume eta gizon jaiotzen garela nabarmentzeak, ez du baztertzen, bizitzen goazen heinean gure sexua eta gure bizipenak egiten joaten garela esateak, eta noski eraikitze horretan indarra jarri nahiko nuke kanpoko eraginak hor daudela kontuan hartuta, norberak, bere izate horri ematen dion kolorean, nabarduran. Honek guztiak eramaten gaituelako gizon eta emakumeez hitz egitera, pluralean, eta ondorioz aberastasun honek sortzen dituen, topaketa, harreman, eta gozamenetara iristea izan beharko litzateke jarraitu beharko genukeen bide bakarra,... Ezberdintasunak, asko erakusten duelako.