Kopenhagera bazoaz, irakurle, ez ezazu huts egin Tivoli parke zoragarriaren bisita, Nyhavn txukuna, lamiaren eta C. Andersenen estatuak , hiri eder honen jite neoklasikoaren dotorezia bere karrika, kanal, bizikleta eta itsasontzietan, baina batez ere ez ezazula huts egin Christiania deritzan gunea bisitatzea. 1970an kopenhagetar alternatiboek ejertzitoarena zen esparrua okupatu zuten eta jarduerak burutu, espazioa antolatu eta bertan bizitzeari ekin zioten.Dagoeneko bi belaunaldik begiratzen diote esperientzia honi eta badakite, ongi jakin ere, Christianiak zer ekarpen eskerga egiten dion hiriari bere bizikleta-lantegi eta jatetxe begetarianoez gain. Egoera berrietara egokitu behar izan dute christianiarrek, baita ika-mika galantak udalarekin eduki ere. Orain urte gutxi milaka kopenhagetarrek atera behar izan zuten kalera euren ondare material eta ez-material den hori salbatzeko. Sistema liberal kapitalistak tarteka uzten duen zirrikitu eta arnasbide horietako bat dugu Christiania.Bilbon, ordea, alkate txit txikiteroaren bedeinkapenaz zirrikitua baino harresi tinko bat iltzez eta giltzez zarratua dute. Errekalde auzoko esperientziak agerian utzi ditu sistemaren lerro gorriak. Azkunak, agian Bilbok azken urteetan izan duen bilakabide miragarriak abduzitua, western-eko sherif erretxindu baten papera bereganatu du. Zer poema idatziko lioke Arestik John Wayne honi?Kukutzarekin Bilbok aukera eder bat galdu du hiriak diru hutsak ematen ez duen ondare noble batez hornitzeko eta sorgintze lurrun gozo horrek alde egin dio momentuz. Christiania berriak sortu bitarte dauzkagunak zain ditzagun: Bonberenea, Gasteiz, Altsasu, Lakabe...