Gida honek ez dauka medikua ordezkatzeko inolako asmorik, ezta gutxiago ere. Honen helburu bakarra da gaixoaren edo istripua izan duenaren mina edo ondoeza arintzeko ohar edo aholku baliagarriak eskaintzea, medikuarengana joan bitartean erabiltzeko.Hurrengo ataletan, lehen sorospenetarako aholkuak eta pausoak ikusiko ditugu. Gure alboan aurki ditzakegun ohiko istripuak hainbat dira eta horiei nola aurre egin ikusiko dugu. Gure egunerokoan zauriak, odoljarioak, kolpeak... ohikoak dira eta askotan ez dakigu arazo horiei nola aurre egin. Zer dira lehen sorospenak? Lehen sorospenak istripua gertatu bezain laster ematen diren laguntzak dira. Laguntza horiek berehalako zainketak izango dira, momentuan egiten direnak; aldi batekoak, hau da, pertsonak izandako istripu edo gaixotasuna ospitalean edo osasun etxean baino lehenago egiten direnak eta egokiak izan behar dira, hau da, bakoitzaren jakintzen arabera ematen direnak. Hemen emango ditugun aholkuekin, azkeneko puntu hori hobetzea da gure asmoa eta etxean nahiz kalean lehen aipatutako istripu baten aurrean aurkitzen garenean, laguntza profesionala iritsi arte, nola jokatu behar dugun ikusiko dugu.Lehen sorospenetarako botika kutxaBotika kutxarik ez badugu bi aukera izanen ditugu, produktuz beterik datozen botika kutxa erosi dezakegu edo eta guk, gure beharraren arabera, bat prestatuko dugu. Horretarako plastikozko edo metalezko kutxa hermetiko bat beharko dugu, erraz eraman daitekeena.Botika kutxa ongi mantentzeko hona hemen aholku batzuk: leku seguru batean egon behar du, haurren eskutik kanpo; noizbehinka errepasatu eta iraungitze datak kontrolatu; hezetasunak nahiz berotasunak sendagaiak hondatu ditzakeenez, ez utzi ez komunean ez sukaldean eta, azkenik, botika kutxa erabili baino lehen eta ondoren, eskuak garbitu. Botika kutxa batean, honako materiala eduki beharko dugu: ur oxigenatua (zauriak garbitzeko; alkohola (materiala garbitzeko eta desinfektatzeko); serum fisiologikoa (zauriak garbitzeko oso aproposa); gasa esterilizatuak; iodoa (zauria garbitu ondoren iodoa ipiniko dugu. Ez jarri haur edota haurdun edo bularra ematen duten emakumeei); tiritak; esparadrapoa; termometroa; pintzak eta guraize punta borobildunak.