/h/

Zoila Berastegi 2011ko urr. 28a, 00:00

Euskaraz "h" baten bidez bereizten dira "istorio" (bizipenetik; bihotzetik gertuago dagoena) eta "historia" (ofizialtasunetik; liburuetatik gertuago dagoena) hitzak. Ahoskatzean, ordea, /h/ fonemaren aurrean guztiok gor bihurtzen gara. Bada, desberdintasun arin bezain sakon hau ekarri nahiko nuke gaurkora.Euskal-Herriak momentu historiko bat bizi du; gertaeren joan etorrian puntada bat, azentu bat, irmo berri bat. ETAren jarduera armatuaren amaierak bide berri bat jarri du abian; eta amaiera nahiz hasiera horien baturak herri baten aitortzaren jarraipena du emaitzatzat. Jarraipena historian.Aldi berean, herri hau milaka istorioren lekuko da. Norberak, gutako bakoitzak, bizi izan duenaren eta bizi duenaren idatzia. Sentimenduz jositako oihala, batzuetan korapilatutako hariz eta besteetan zuzen eta erraz sartutako puntadez jositako mantua; etorri litezkeen egun izoztuei aurre egiteko denon artean sortu beharko duguna.Gure herriaz mintzatzean, milaka istorio irudika ditzaket; milaka bizipen; saihestutako milaka begirada; eztarrian trabatutako milaka hitz; milaka garrasi; milaka oroitzapen eta otoitz; milaka "laster arte"; milaka zauri; milaka min eta samin; milaka esku; milaka bihotz eta amets eta itxaropen; milaka taupada. Eta historia istorio guzti horiekin adiskidetu beharrean aurkituko garelakoan nago. Entzuten ez den /h/ fonema ikusteko ahalegina egin beharko dugulako guztiok. Beste urrats bat bidean.