ETAren jarduera armatua bukatu da. Ezin itxaropenari leihorik itxi. Aro berri batean gaudela diote: arazo politikoa konponduz, ez preso ez iheslaririk izanen ez duen aro berrian sartu garela sinetsi nahi dugu guk, zeren preso eta iheslari bakar batek dirauen bitartean gatazkak dirau. Guk ere sufritu dugu gatazka politikoarekin, izugarri asko sufritu ere, hildako senide asko ditugu, kartzela politika ankerrena eta atzerriratze gogorrena sufritu duten eta sufritzen duten milaka asko senide eta lagun preso eta iheslari dugu. Guk ere memoria dugu. Nola uka besteen sufrimendua, besteek ere ulertu beharko dute gurea.Badakigu ibilbide oso zaila dugula aurrean. Sakanako bi presori buruz lotsagabeki zabaldutako gezurrak, Iparragirre preso gaixo larriari eman dioten tratu ezin krudelagoa, sari literario baten inguruko zalaparta dira mesfidantzarako azken zantzuak, baina herriak erakusten duen preso eta iheslariak etxera ekartzeko erabaki irmoak egiten gaitu baikor. Kartzela politika bukatu dadin borrokatzen jarraituko dugu, herritarrak eta eragile sozial guztiak inplikatuz.Presoak erabiliko ditu aurrerantzean ere Estatuak helburu politikorako tresnatzat. Nahastu eta banatu nahiko gaituzte kartzela politikako jokabide kontrajarri, anbiguo eta nahasiekin. Ahaleginduko dira presoekiko sentiberatasuna eta elkartasuna zatitzen. Baina, inola ere ez dugu onartuko normalizazioaren aitzakian gure senide eta iheslariak umiliatzerik, ezta beraien eta gureganako xantaiarik, askatasunaren truke baldintza onartezinak inposatuz.Etxean nahi ditugu, denak eta orain, eskubide guztiekin.