Udazkenaren bihotzean hostoak airean doaz ipar haizea lagun. Argitasunak ilunari uzten dio lekua. Biziak lo hartzen duenekoa, argia iluntzen denekoa. Malenkonia honek joan zirenei oroitzapen bat eskeintzeko momentua zela erakutsi zien gure arbasoei. Dominu Santuko gaua esaten zioten gure herrietan hilen bezperari. Familiak biltzen omen ziren jaiotetxetan suaren inguruan egindako afari batean hildakoak oroitzeko. Heriotzaren presentzia onartu eta bizitzaren parte dela ulertzeko ahaleginean.Ezinegonak, presak eta autoen burrunbak menderatzen duen gizarte honetan ordea, udazkeneko hosto erorien ilunabarrak ez dirudi garai oparoa barne gogoetarako. Heriotzaren presentzia ukatu eta betiko gaztetasuna saltzen digun merkatu-gizarte honetan ez dago lekurik gogoetarako. Galdu da aintzinako zentzua, kontsumismo irrazionalak gainditu du.Mutazio kulturalak guganaino ekarritako Halloweeneko kalabaza xelebreek gogoraraziko zioten norbaiti heriotzaren inguruko festa plastifikatua ospatu dela mundu mendebaldar osoan zehar. Inor gutxik jakingo du baina, hemen bertan, gure Sakana maitean, gure aiton amonek arbiburuak barrutik hustu, begi parea eta ahoak egin, eta argizarien laguntzaz izpirituen presentziaz ohartarazten zutela gauez etxera berandu zetorrena. Baina zer esanen dugu ba, arbi bat zer den ez dakien sakandarrik ere bada eta, izan ginena badoa. Izanen garena zer ote.