1512ko uztailaren 19an (zer dakarkigu gogora egun honek?), espainiar armada Nafarroako Erresuman sartu zenean, Sakanako biztanleek harridura eta batez ere beldurra sentitu zutela pentsa daiteke. Tropen igarotzea oso azkarra izan zen; uztailaren 22an Uharte-Arakilen eman zuten gaua eta, Erronkariko 600 biztanlek Oskian aurre egin bazieten ere, 23an Iruñera iritsi ziren. Arazurin eman zuten gaua, eta 24an Iruñeko Taconeran. 25ean hiriburuak amore eman zuen, konkista indarren nagusitasuna ikusirik: biztanle bakoitzeko 4 gerlari zeuden. 5.000 biztanle, armamentu eta teknika militar berritzaileak zerabiltzan 20.000 soldaduko armadaren aurka.Hona hemen bertaratutako tropen tamainari buruzko aipamena: "gaztelar armada Gasteizen bildu zen. Fadrique Álvarez de Toledo, Albako bigarren dukea, zuten buruzagi eta kapitainen artean eskarmentu handiko militarrak ziren, Rengifo eta Villalba koronelak kasu. 2.500 zaldunek, 12.000 oinezkok, 1.500 lantzarik eta 20 artilleria-piezak osatzen zuten; gainera Antonio Acuña Zamorako apezpikuaren aginduetara zeuden beste 400 gizon zituzten lagun. Tartean ere, Bgayet (Afrikako iparraldean) lurraldetik ekarritako 750 gizon ziren" (Wikipedia). Litekeena da Sakanako biztanleak begien bistan zuten gertakari haien garrantzia historikoaz ez ohartzea. Gaur egun, ordea, badakigu gertakari haiek zoritxarrez beteriko epe luzea iragartzen zutela, berezko Estaturik gabekoa, subiranotasun eta independentziarik gabekoa. Nafarroa Espainiako gau luzean sartu zen horrela, eskasia eta gerra arrotzetan, askatasunik gabe eta bere hizkuntza eta kultura ukatuak zirela. Oraindaino.