Astekari honetan egin ditugun agerpenetatik ezagutzen duzue SASOIA elkartean biltzen garen jubilatuon filosofia. Jarrera horri jarraituz hasi dugu kurtso berri hau ere. Bailarako lehen asanblada egin dugu. Gai zehatz batean sakontzea da asanbladetako ohiko jokamoldea, baina lehen bilera honetan ikuspegi orokor bat eman nahi izan diegu bailarako arazoei. Ondoko gai hauek atera zaizkigu gainbegiratu horretan: egoera sozioekonomikoa, tentsio handiko argi-linea, erraustegia, osasun arloko murrizketak, erresidentziak, baita jarduera armatuaren bukaerak irauli duen egoera eta hauteskundeen eragina ere. Gure pentsioak ahaztu gabe. Hurrengo hilabeteetan, joango gara bakoitza zehazten. Adinekoak gara baina ez inozoak. Ahalik eta jantzien eta aktiboen egon nahi dugu gaiotaz, ahal dugun heinean aletxo bat bederen eskaini ere konponketa ahaleginei.Hilero egiten dugu gutxienez agerpen bat ere kalean. Aste honetan Altsasun elkartu gara merkatu txiki egunean plazan. Datozkigun aurrekontuak biluziago uzten gaituztela salatu nahi genuen: etorkizunik gabeko gazteak, luzarorako langabetuak, soldata eta pentsio ziztrinak, itxaron zerrenda luzeak, murrizketak, desberdintasun sozialak areagotzea, diru publikoa xahutzea, ... Eta erantzukizunez bozkatu beharraz pentsarazi.Gurekin zuen iritzi, kezka eta hausnartzeak partekatu nahi duen oro izanen da ongi etorria. Elkartu beharra dugu. Asko gara bailarako jubilatu eta pentsiodunok, uste dugun baino indar gehiago eginen genuke elkartuta. Baliteke ezer askorik ez lortzea, agian ezer ez, baina mugitzen ez denak ez du sekula biderik eginen.