TXIRO USAIA

Eduardo Galan 2011ko aza. 18a, 00:00

Beheko solairuan, moda osagarriak eta lurrinak: Han zegoen tipoa. Toki guztietara begira. Galduta. Supermerkatuaren bila. Lurrean eserita, eskale bezala egotearen ordu anitzen ondorioa: arropa eta motxilaren zikintasuna, itxura baldresa eta lauren bat euro poltsikoan bere dietaren jakiak erosteko; ogi puska, atun lata eta "Don Simón" litroa. Itxura susmagarrikoa eta zerbait lapurtuko zuenaren beldur, "El corte inglés-eko" segurtasunaren arduradun guztiak, harridura aurpegiz, atzetik jarraian. Lurrin sekzioan erosketetan zebiltzan emakumeek bere ondotik ihes egiten zuten, "fairy"-ko iragarkian bezala, koipez beteriko ontziterian produktuaren tanta bat bota ondoren. Txiro usaia zerion.Kalean, bitartean, urteko lehen eurite bortitzak eta lehenbiziko hotzak. Barruan, berriz, 21 gradu, megafoniatik eskaintza berezien iragarkiak eta musika atsegina entzungai.Lehenengo solairuan, aldi berean, emakumezkoen moda sailan: han zegoen emakumea. Ileapaindegitik atera berria, irribarreka. Ondo zekien nondik zebilen. Azkenaldi honetan janzten duen markazko "blazer" gorri berri baten bila. CAN-eko dietak kobratzeari utzi zion, baina, 2012-ko aurrekontuetan murrizketa pila egin eta bere soldata % 30 igo ondoren, bazeukan diru mordo nahi zuen guztia erosteko. Bere segurtasun arduradunek ez zuten inor uzten berari hurbiltzen, baliteke norbaitek merengezko tarta batekin oparitu nahi izatea berak egindakoak. Nahiz eta aldez aurretik bereak egin, ez zen lapur susmagarria. 150 €-ko lurrin usaina zerion. Nor ote da, benetan, txiroago? Ez utzi engainatzen.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com