2011ko irailaren 26an Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilari Elena Torres Mirandak Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei bilera deia egin zien haren Departamentuak legegintzaldi honetan izanen dituen lan ildoak azaltzeko. Bileran Gizarte Enplegu Babestua mantentzeko asmoa adierazi zuen, eta Departamenduarendako baliabide hori lehentasunezkoa dela nabarmendu zuen, nahiz eta Gizarte Zerbitzuen Zorroan bermaturik ez dagoen baliabidea izan. Gizarte Enplegu Babestua garrantzi handiko baliabidea da eta krisi garai honetan eraginkortasunez ari da lanean behar handiko egoeretan. Lana sortzen, baliabide pertsonalen garapena sustatzen eta enplegu aukerak hobetzen ari da. Horretaz gain, oinarrizko errentarekin batera, errenta horren emaitzak optimizatzen eta hobetzen dituen baliabidea da. Gure ustez baliabide hau lehentasunezkoa da gizarte-baztertzearen kontra borrokatzeko dauden zerbitzuen artean. Hala ere, kezkatuta gaude baliabide hau finantzatzeko erabiltzen ari diren kontusailak ez baitira batere egonkorrak eta urtez urte gorabehera handiak izaten ari baita. Gizarte Enplegu Babestua hainbat kontusailen bidez finantzatzen da eta osotara hurrengo kopuru hauek osatzen dute: 2010 7,17 milioi €; 2011 6,15 milioi €; 2012 4,5 milioi € ?.Datu ekonomikoei erreparatuz ikus daiteke, 2010etik aurrera finantzazioa murrizten hasi zela, nahiz eta urte horretan finantzazioa handitu zen, eta baita krisiaren larrian beste koska bat igo ere. 2010etik 2011ra %14,23, eta 2012. urterako, aurrekontuak onartzeko zain, pentsa dezakegu 2011ko aurrekontuarekin alderatuta murrizketa %26,83koa izanen dela, eta bi urteetan pilatutakoa %37,24 gutxiago. Gizarte Enplegu Babestuaren aurrekontua 2011n finantzatuaren azpitik murrizten bada, udalen egoera ekonomikoa kontuan harturik, gure ustez arriskua dago proiektuetako asko desagertzeko edo murrizketen ondorioz egoera larrian geratzeko. Datu horiek kontuan harturik, beharrezkotzat jotzen dugu urgentziaz ahaleginak eta bitartekoak mugitzen hastea krisi egoera honetan dagoen behar sozialarekin bat etorriko den kontusail handiago bat bermatzeko, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei 2012. urtean bitarteko honek izanen duen kantitate erreala jakinaraztea.