Mendekotasuna?

Lugorri 2011ko abe. 2a, 00:00

Aurrekoan egunkaria irakurtzean, hausnarketarako beste albiste bat topatu nuen: zubi foralaren ondoren Volkswageneko 700 langile ez dira beraien lanpostuetara itzuliko. Lurrikaren antzera, epizentroa Iruñean izan arren, bazter hauetan ere izango du eragina. Nafarroa garaiko ekonomiak Volkswagenekiko duen gehiegizko mendekotasunak, Txaran Bazterretxeak Uruguayn azken mendean zehar gertatukoaren inguruan idatziriko artikulua gogorarazi dit:II. mundu gerraren ostean, Europaren elikagai eskaria handia zen. Europar inbertitzaileek, negozioa ikusirik,Europar teknologiaz Fray Bentos herrian,"Anglo Hozkailua" izeneko haragia prozesatzeko fabrika eraiki zuten. Bertan, 5.000 pertsonek egiten zuten lan eta txekorrak oinez sartu ahala haragi lataz beteriko kamioiak ateratzen zirela diote. Enpresaren eskariak, urte gutxitan Uruguay erabat esportaziora bideraturiko abeltzaintzari lotzea ekarri zuen eta bere etorkizun ekonomikoa inbertitzaile kanpotarren menpe geratu zen neurri handi batean. Egoera hori ez zen betiko, ordea. Europak haragi lataratua erosteari utzi zion eta inbertitzaile Europarrentzat, haragi esportazioak interesa galdu zuen, ondorioz, bertako 5.000 langileak esku hutsik geratu ziren. Hainbat saiakera egin ziren arren, "Anglo Hozkailua" lantegia 1975ean itxi zuten eta esportaziora bideraturiko abeltzaintza, eta nazioaren ekonomia krisi latzean sartu zen.Handik gutxira, 80. hamarkadaren bukaeran, berriz ere kanpo inbertsioa erakartzearen aldeko apustua egin zuten. Hainbat lege eta diru-laguntzaren bidez,  zuhaitz landaketak bultzatu zituzten. Egoera horren aurrean mundu mailako enpresei interesgarria zitzaien Uruguayn inbertitzea. Ondorengoa gauza jakina da: eukalipto landaketak nonahi zabaldu eta enpresa kanpotarrak lurraren jabe bihurtu dira. Nekazal lurretan landaketak eginaz, landa eremuetako lanpostuak nabarmen gutxitu dira eta industrian sortu diren lanpostuak aldiz urriak. Ondorioa: herrietatik hirietarako migrazioa eta miseria guneen handitzea hiri handietan.Aldeak alde, aipatu hiru adibideetan oinarria bera da: kanpoko interesekiko mendekotasuna. Kanpoko inbertsioan oinarritutako garapen ereduak, ez die inoiz herriaren interesei erantzungo, bai, aldiz, kapitalaren interesei. Krisi garai hauetan, gure esku dugu etorkizuneko jokaldia: besteren joko-arauak jarraituz edo gure arauak egituratuz.