Durangaro honetantsu ia urtero bezala aurten ere Joseba Sarrionandiaren berria etorri zaigu. Udazken honetan, baina, liburu berri barik saridun polemikoaren itxuran. Blanca Urgellen partetik ez genuen halako trakeskeriarik espero baina goiko nagusiaren agindua beteaz Iurretako idazlearen ingurukoak astindu ditu 18.000 euro tarteko.Neroni aspalditik interesatu zaizkit haren ipuinak, olerkiak, gutunak, narrazioak zein morodun saiakerak. Orobat azken urteotan egin dizkioten elkarrizketak. Horrexegatik hain xuxen, gero eta nabarmenagoa zait haren hutsune fisikoa. Bafleen pasadizoaz geroztik, eta gure biziak jigaz eta megaz josi aurretik Sarriren presentzia birtualera ohitu ginen ska batzuk zoroki dantzatuz. Nonbait bizi omen da, deserritik deserrira mito bihurturik. Atxagarekin Martutenen egin zioten argazkia betikotu da. Haren ahots errezitatzailea, erremerreak eta guzti bai entzun dugu, baita bere buruaren atzealdea ikusi soiltze bidean, baina Sarri guretako gaur egun horixe da, azal eta haragirik gabeko presentzia bat, izaki mitologiko bat agian. Zernahi egunetan ziza biltzaile batek edo basoan galdu haur batek esango digu: Sarri bat ikusi dut lizar baten ondoan eta „Dena lanbrotute ikustot", „ Argia Larralderekin berba egin dut" edo „Oroimeneko portua gugan dago" esan dit.Eta denok joanen gara zizazaleak udazkenean bekela basoetako gordelekuetara eta Sarri bat ikusi dugula esanen dugu eta nolakoa zen Sarri hura kontatuko dugu eta entzun geniona errepikatuko.Baina ez, aukera hobea eta ezinbestekoa Joseba Sarrionandia Uribelarrea bera ikustea da, hezurrez eta haragiz, bihar etzi baino.