Etenik ez du kartzela politikaren aldaketa eskatuz Euskal Herriko aldarriak. Bi aipatzeagatik, hauteskundeak eta presoen kolektiboak plazaratu duen azken dokumentua. Hauteskundeak: bai kanpainan bai emaitzetan, bai ondorengo adierazpenetan lehen mailan egon da preson arazoa. Presoen azken agiria, non iragartzen duten Euskal Herrira ekartzea eskatuko dutela preso denak eta bakoitzak, normalizazio bidean beraien ekarpena errazteko, Estatuak eman beharreko lehen pauso ezinbestekoak mahai gainean jarriz. Denen gogoan dago kartzela politikaren aldaketak izan behar duela lehen pausoetariko bat: gaixo larriak, bizi guztirako kondenak, kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak, hurreratzea, ... orain bertan eman behar diren lehen pauso nahitaezkoak.Denok gaude zain Madrilek noiz erantzungo gutxienez keinu batekin. Baina Madrilek geldi isil eta erasokor darrai. Badirudi, orain, epaileena dela Gobernuak areago indartu duen frentea, berriro ere herri hau makurrarazteko presoak erabiliz.Presionatzen jarraitzea beste biderik ez dugu, kartzela politika hori desaktibatzeko. Gainean ditugun Gabonak eskaintzen digute herri guztietan presoen alde lanean jarraitzeko hainbat aukera. Gabon ondoren bertan, Urtarrilaren 7an manifestazio erraldoia eginen da Bilbon. "Kolosala" izanen da. Era guztietako pertsona, talde, erakunde, elkarte eta alderdik eman diote jada atxikimendua. Bilboko kaleak bete behar ditugu. Kartzela politika aldarazi behar dugu. Autobusak egonen dira. Ez dago aitzakiarik ez joateko. Deia kalean da. Ezin dugu huts egin. Kontatu nirekin, horrek behar du izan erantzuna.