Ez da erraza garai latz hauetan ametsetaz idaztea. Momentu garratz hauentzat proposamen gozoegia agian. Baina bihotzetik ez bada ezinezkoa zait idaztea. Horregatik hitz bilduma honek nire bizi-taupada bat eta malko bat dakar opari. Zeuen baimenaz, bada, hasiko naiz hasi ez banaiz:Ametsak behatzez ukitzen diren leku horretan, besteen begiak aurkitu ditut.Goiz ilunena argitzeko gai den leku horretan, besteak aurkitu ditut: lagunak, adiskideak, kideak. Eta haiek gabe ezer gutxi egin dezakedala, ezer gutxi naizela.Sar eta sor hitzak eskua ematen duten leku horretan, izan nahitekeen guztiaz jabetu naiz. Izanak bere baitan dakartzan aukeren amaigabetasuna laztandu dut.Janzteak biluzten zaituen leku horretan eta biluzteak janzten zaituen horretan, pertsonaiak ezagutu ditut eta pertsonaien artean ni neu.Airea beste modu batera arnasten den leku horretan, neure ahotsa entzun dut, sekula ez bezala, lehen aldia balitz bezala, eta ezezaguna zena ezagun bilakatu da.Ukitu eta unkitu, biak bat egiten duten leku horretan, entzuten ikasi dut, besteak eskaintzen didana hartzen eta bestearentzat daukadana ematen.Hitzetatik ekintzetara pasatzea nahitaezkoa den leku horretan, egin egin dut.Finean, maitasuna gordin gordinik xehatzen den leku horretan, leku hori bera maitatzera heldu naiz eta inongo murrizketen menpe ez dagoena eman dit trukean: Ametsak. Nafarroako antzerki eskola bizirik!! (Aurrekontu partehartzaile batzuen alde eta murrizketen aurka, abenduak 17 manifa Iruñan, 17:30tan antoniutitik). Ameslari bat