Plataformak osasunaren eta eskualdeko garapenaren alde eta Olaztiko Portlanden errausketarekin hastearen kontra hartutako konpromisoak FCC enpresako zuzentaritzaren erantzun zitala sorrarazi du eta bere proiektua aurrera ateratzeko bide bakarra langileen babesean ikusten du Horren ondorio izan dira plataformako hainbat kidek jasotako mehatxuak, gure erabateko gaitzespena jaso dutenak eta gure helburuen bila aurrera egiteko oraindik indar gehiagorekin jarraitzeko balio izan dutenak.Barregarria da FCCk Olaztin ezarri nahi duen hondakinak kudeatzeko jarduera eta horretarako egin beharreko inbertsioak -zuzendariak dioenez hondakin mota gehiago errez soilik errentagarriak izan daitezkeenak (zaborrak, pneumatikoak, araztegiko lohiak, ibilgailu hondakinak edo bestela esanda merkatuan aurki daitekeen edozein hondakin errentagarri)- eskualdeko kanpin batean erabili behar den landare biomasarekin parekatzea. Baina horixe da urteak kutsadura larria eragiten daraman enpresa honek duen ohiko seriotasunaLegeriari heltzen dio orain enpresak, orain artean behin eta berriz hondakinak kudeatzeko bere proiektua herritarrei ez diela inposatuko hitza eman duen arren. Gizarteak ez du proiektu hau nahi, besteak beste badakielako askotan legeriaren babespean herritarrak eta beren ondasunak arriskuan jartzen direla, eta batez ere preziorik ez duen eta gure ondasunik preziatuena den osasuna. Eta gainera badakigu kasu honetan hondakinak kudeatzeko errausketa jarduera horretan isuriko diren kutsatzaileen aurrean ez dagoela esposizio maila segururik.Bestalde, hondakinak jasotzeko biltzeko eta dagoeneko bertan dituen labeetara bideratzeko instalazio osagarriak egitea besterik ez zaio falta FCCren izkutuko errauskiluari. Eta porlana ekoizteko instalazio bat, bere baitan hondakinen balioztatze energetikoa egiteko hondakin kudeatzaile bihurtu bada horrela dirua iturri ugaritatik jasotzeko, zer da? Aski da, utzi gezurrak alde batera eta argi hitz egin jendea engainatu gabe. Herritarrengana jo nahi dugu, Olaztiko Portland enpresan errausketarekin hasteak izango dituen ondorioez kontura daitezen. Gainera enpresa pribatua eta zaborren multinazionala den FCCrena izanik, ez litzateke planik egongo erretzen diren hondakinak Nafarroakoak izatera mugatuko lukeenik eta erregai ordezkapenaren aitzakipean beste edonongo zaborrak ekarriko lituzkete erretzera Olaztira.