1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenetik, datozen egunotan, Amaiurko Gazteluaren maketa txikia aurkeztuko dugu. Beste maketa handiago bat, aurtengo martxoan, Amaiurren bertan aurkeztu genuen, egun hauetan Durangoko Ferian ikusgai egon dena. Lerro hauek probestu nahi ditut, harribitxi txiki hau posible egin dutenei eskerrak emateko: Vicente, Iñaki, German, ...Horietako erreprodukzio txiki bat eskuetan nuela, "airean gazteluak altxatzearen" ideia burura etorri zait, eta ordutik bueltaka nabil idei horrekin.Gaztelu txiki horri begira, sentsazio gazi-gozo bat nuen, ez bainuen nire oroimenean aurkitzen benetako irudi bat gaztelu txiki horrekin lotua, Nafarroako erresumaren gainontzeko gotorlekuekin egin zuten bezala, gaztelar-aragoiko armadak Amaiurkoa lurrarekin berdindu baitzuen.Gaztelu horiek gure historiaren zati bat dira, deuseztatu nahi izan digute historia horren parte inportante bat. Eta hemendik dator, konkistaren 500 urte hauek eta gero, "airean altxatzeko gazteluaren" ideia. Hemen dauka jaioterria Nafarroako Gazteluak mugarriztatzeko proiektuak ere.Utopiari lotutako idei bat da. Horiek gara gu, lagun utopikoak, gure etorkizunaren jabeak, Telesforo Monzonek esan zuen bezala. Instituzio ofizialek dituzten baliabide handiak ez ditugu, baina bai, gazteluak altxatzeko eta behar denerako prest dauden lagun horien borondatezko lana daukagu.Eta guzti hau, gure subiranotasunaren galeraren inguruan oroimen historiko lan zintzoa egiten. Irulegitik Oiartzuneraino, Donibane Garazitik Tuteraraino, Aitzorrotzetik Malmasineraino, Lizarra eta Gasteiztik pasa eta gero. Gazteluz gaztelu, herriz herri, XIX.mende bukaerako Gamazadan egin zuten bezalaxe. 2012ko ekainaren 16an, Iruñeko karriketan, Nafarroa bizirik dagoela, le Pays Basquek bere eskubideak aldarrikatzen dituela, eta Euskal Herria Pirinioen bi aldetan dantzatzen eta abesten duen herri bat izaten jarraitzen duela, demostratuko dugu.