Gaur egungo munduan gizabanakoaren eskubideez mintzatzen da sarri. Eskubideak eta betebeharrak ei ditugu gure sistema inperfektu honetan. Rousseau ilustratu frantsesak XVIII. mendean plazaratutako kontratu sozialak zioenez, gizabanakoak Estatuarengan uzten du bere subiranotasunaren zati bat honen babesaren truke. Orduz gero iraultza, borroka, greba eta belaunaldietan zehar emandako bestelako ekintza ugariek Ongizate Estatura ekarri gaituzte. Gure arbasoen atsekabe, oinaze eta lan gogorrak beren ondorengoen ongizatearen amets zaharra izan zuten helburu.Gaur egun, ordea, lanbroak estaltzen digu etorkizuna. Lortutako eskubideak galtzeko arriskua, Ongizate Estatua desegiteko intentzioak... Azken finean, gure betebeharrak handitu eta eskubideak gutxitzeko aukera paregabea. Gizabanakoak eskubide gehiegi dituela pentsatzen duen pertsonarik bada, hezkuntza edo osasuna inolako merezimendu gabe eman zaizkigun opariak direla pentsatzen duen jendea. Betebeharrak betearazten eta eskubidedun pribilegiatutzat gaituztenak askotan saiatu izan dira gurea dena ukatzen. Irratia piztu eta behin eta berriz entzuten dut produktibitatea indartu behar dugula, gehiago saldu behar dugula, gure aurkari komertzialak azpiratu eta garaitu behar ditugula... Burura etorri zait txinatar langileen egoera. Beren nazioa Europak deseatzen duen munduko ekonomiaren lidergora eraman dute. Baina zein da ordaindu duten prezioa? Non dira haien eskubideak? Gure Ongizate Estatua esportatu beharrean, haien eredu produktibo zapaltzailea aplikatu behar al dugu gurean? Txinatar bihurtu baino lehen, babes dezagun gure seme-alabek etorkizun hobe bat lortzeko eskubidea.