Mende laurdena bete du duela egun batzuk Vascuencearen Legeak. Ospatzeko gutxi. Batetik, euskara bertako hizkuntza dela aitortu, baina gero herritarrei, bizi diren tokiaren arabera, eskubide ezberdinak onartu. Hori da Lege horrek egiten duena. Baina zonalde euskaldunean, Sakana tartean, euskara ofiziala dela esatea, ia gauza testimoniala da, gutxirendako eta gutxirako baita baliagarria.Eta, bestela, egin ariketa. Euskaraz al daude Nafarroako Gobernuak bidaltzen dizkizun gutun, jakinarazpen, abisu, ohar, inprimaki, informazio orriak eta liburuxkak? Euskalduna al da zure herriko medikua? Euskaraz artatzen al zaitu mediku espezialistak Iruñera joaten zarenean? Eta, zure gaixotasunari buruzko gomendio eta oharrak azaltzeko medikuak eman dizun orria, euskaraz al dago? Itzultzaile lana egin behar izan duzu zure semearen edo alabaren pediatra euskalduna ez delako? Euskalduna al da telefonoaren bestaldetik erantzuten dizun administrazio langilea? Eta erantzungailua? Unibertsitatean, ba al daukazu aukeratu duzun karrera euskaraz egiterik? Ekonomia eta Ogasun Departamentutik BEZ eta PFEZ aitorpena egiteko agiriak euskaraz bidali dizkizute? Euskaraz jaso al duzu jarri berri dizuten isunaren jakinarazpena? Udalean euskaraz jaso al duzue IMSERSOri buruzko informazioa? Euskaraz al daude zure postontzia mukuru jartzen duten publizitate orri horiek guztiak?.... Eskerrak eskubidea duzun!!Nafarroako Gobernuak hartu duen jokabidearen ondorioz, ikusezin gara nafar euskaldunak. Halere, ez da etsipenerako garaia. Armairutik atera eta euskaldunok ikusgai egiteko ahaleginean sakondu behar dugu. Alegia, euskaraz bizitzeko erabakia determinazioz joaten garen tokira eraman behar dugu: zerbitzu publiko guztietara, herri mailako Administrazioetan, lagunartean, familia giroan, aisialdian... Naturaltasunez, pasibotasuna astindu behar dugu. Norberak egiten duena garrantzitsua dela sentitu behar dugu. Ekintzek hitzek baino indar handiagoz eta askoz ere gehiago adierazten dutelako, Euskaraz bizi! (eta ezin denean, kexatu)