ARBIZUKO DORREAZ

Joseba Asiron 2011ko abe. 30a, 00:00

Arbizuko dorrearen ezaugarriek biziki gogorarazten digute XIV eta XV. mendeetan tipikoa den dorre mota bat. Dorre mota honen beste adibide esanguratsuak izan daitezke Artaitz, Iharnotz, Uritz eta, batez ere, zurezko kadalsoa gaur arte mantendu duen Donamariako dorrea. Guztiak XIV. mendekoak. Hala eta guztiz ere, Arbizuko dorrean aurkitu ditzakegun beste elementu batzuk, hala nola ate jasoa eta leiho bikoitza (geminatua), XV. mendekoak direla ematen du.Datu historikoak begiratuta, oraintxe aipaturiko datak baieztatzen dira. Arbizuko leinuaren urrezko garaia XIV. mendearen bigarren erdialdean izan zen. Dorrea, zentzu honetan, leinuaren une honetako bi pertsonaien eginkizuna izan zen segur aski. Lehenengoa da Gartzia Lopiz Arbizukoa, 1361 eta 1392. urteen artean dokumentatua. Etxarriko gotorlekuko gazteluzaina izan zen, eta ohoreak eta sariak jaso zituen. Bigarren pertsonaia Gartzia Martiniz Arbizukoa da, 1368. urtetik aurrera dokumentatua. Azken pertsonaia honen garaian aipatzen da, literalki "Arbizuko jauregia". Bi pertsonaia hauek primeran irudikatzen dute leinuak jokatu zuen paper garrantzitsua Sakanako korridorearen defentsan, eta dorrearen elementurik zaharrenak garai honetan egin zituzten zalantzarik gabe. Beste momentu garrantzitsu bat izan zen XV. mende erdialdean. Une honetan Arbizuko jaunaren semea Maria Armendaritzekin ezkondu zen, Bianako Printzearen maitalearekin alegia, eta seguru asko "zerbitzu" hau oso ongi ordainduko zioten. Orduan irekiko zituzten leiho geminatua eta ate jasoa, dotoretasunez eta erosotasunez janzteko dorre zaharra.Azken data garrantzitsu bat 1521ekoa izango da. Urte honetan, Nafarroa berreskuratzeko erasoaldian, su eman zioten Johan Bertran Arbizukoaren etxeari. Ziur gaude "etxe" hori Arbizuko dorrea zela, eta ondorioz esan dezakegu urte honetan suntsitu zela dorre zaharra. Geroago berreraikiko zen, baina lehengo zurezko kadalsoa ez zen berriro paratu. Bere ordez, orain arte ikus daitekeen harrizko solairua eraiki zen, leiho karratuekin garaiari zegokion bezala.