Ziurrenik aurten ere, niri bezala, jende askori Olentzerok eta Erregeek galtzerdiak eta galtzontziloak ekarri dizkiete. Nik benetan eskertzen ditut. Lehengoan ekarritakoak, jadanik, abendurako zuloz beterik izaten dira eta urte berrirako aspertuta nago horiek josteaz. Normalean josi eginen ditut nire barruko arropetan agertzen diren zuloak, oraindik koketoa izatea gustatzen baitzait une intimoetan. Kanpoko arropan ere bai. Hala ere, jantzi berriak erostea gustuko dut baina, normalean, ez dut dirurik izaten horretarako. Tira, harrigarria da baina dirudienez, honetan ere, ez naiz bakarra.Gabonak igaro eta beherapenetan murgiltzen gara. Kaleetan masa-mugimendu antolatu bat sortzen da. Gupidagabeko guda batean bihurtzen da dendetara joatea. Ukondokadak eta guzti jaso daitezke, badago jendea bizpahiru hilabete bota dituena entrenatzen ukondoa hola edo hala, momentu aproposean, sartzeko. Baina oraingoan bai. Bost axola zait krisia. Berdin dio hurrengo hiru hilabeteko dieta spaghetti eta Orlando tomatez osatzeak, berdin dio kotxeari gasolina botatzeko sosik ez izatea - zertarako dago garraio publikoa?- berdin dio ezin badut lagunekin tabernetara.... Eeepa, STOP. Rebobinatu. Nola? Ezingo dudala tabernara joan lagunekin? Orduan, -behar ez ditudan- erositako zamarra, praka, kamiseta, zapatilak eta jertse berria ez dituzte ikusiko? Beraz ezingo dut lagunen aurrean nire itxura lirainaz harrotu? Glups.Nahiago dut galtzontzilo, galtzerdi eta arropak josi eta lagunak ikustea, kontrakoa baino. Nork ez?