Gustuko gauzak edo hobbyak izateak pertsona bakoitzaren ongizatea lortzen lagundu diezaguke. Gustuko gauza hauek oso desberdinak izan daitezke pertsona batentzat edo besterentzat, horregatik pertsona bakoitzak jakin behar du zein zaletasunek eskaintzen dion plazer handiagoa. Batzuentzat hobby hauek egunerokotasunean egiten direnak izan daitezke eta beste batzuentzat, berriz, noizean behin egin daitezkeenak. Bizitzan zehar zaletasunak aldatuz joan daitezke, gure motibazioak aldatuz doazelako eta bat baino gehiago izatea ez litzateke arraroa izango. Denboraren poderioz konturatzen gara benetan zein ekintzak eskaintzen dizkiguten ongizate, motibazio eta bizi-poz hori. Gehienok hobby bezala, gure motibazio, talentu edo ahalmenen isla diren ekintzak garatu edo potentziatzen ditugu; horregatik garrantzitsua da denbora ateratzea horiek garatzeko.Zaletasunen artean, batzuek kirolak maite dituzte, beste batzuk, berriz, sukaldatzea, jostea, irakurtzea, idaztea, marraztea, bildumak egitea, ehiza, arrantza, argazkilaritza, instrumentu bat jotzea...dute gustuko. Zaletasun hauek guretzako antidepresiborik egokienak izan daitezke bizitzaren momentu gogorrenetan eta egunerokotasunetik (errutinatik) deskonektatzen lagundu diezagukete estresa gutxituz, lasaituz eta lanez gainera egin daitezkeen ekintza gogotsuak bultzatuz. Zaletasun hauen bitartez, gure lanetan erabili ezin ditzakegun baloreak eta ahalmenak martxan jartzen ditugu. Bestetik, erretreta (jubilazio) garairako gure aisialdia hobbyekin bete izan badugu, errazago egingo zaigu lana uztearen hutsunea betetzea eta etapa berri hori ilusioz hartzea.Bikoteei dagokienez, bikote barruan pertsona bakoitzaren zaletasunak errespetatzea oso garrantzitsua da eta honek bikotearen harremana hobetu besterik ez du egingo. Honetarako bikotearen arteko komunikazioa eta antolaketa beharrezkoak dira, bestela kontrako efektua gerta daitekeelako. Oro har esan dezakegu denok behar dugula norberarentzako denbora bat, bai ondo pasatzeko, deskantsatzeko, deskonektatzeko edota gure ahalmenak bideratzeko ere, beraz, bilatu edo garatu zure hobbya, zure buru- osasunari on egingo dio eta!