Joseba Asironek abenduaren 30ean idatzitako Arbizuko dorreari buruzko gutunean agertzen zen informazioari buruzko argibide batzuk idazteko betebeharrean sentitzen naiz. Bertan, azkenengo paragrafoan azaltzen zuenez 1521ean erre omen zen Johan Bertran Arbizukoaren etxea Nafarroako konkistaren aurkako borroketan. Bertan aipatzen da ziurtasun osoz etxe hori Arbizuko dorrea dela eta Johan Bertran Arbizuko jauntzat hartzen da. Askotan egia ahazten dugu sinistu nahi genukeena errealitate delakoan. Egia, berriz, bestelakoa da, gordinagoa eta agian sinesteko garratzagoa egiten zaigu. Arbizuko jauna garai horretan Jorge de Arbizu zen. Bere gudarosteek gaztelarrekin bat eginik Amaiurko erasoan parte hartu zuten. Gaztelarren aldeko azaldu ziren garai honetan beaumondar noble hauek. Jorgeren seme zen Luis (Leringo kontearen ohoretan izen hau zeramana) Iruñerriko merino izendatu zuten gaztelarrek behin konkista bukatzean. Egia askotan garratza da, baina ezin dugu historia guk entzun nahi dugunaren arabera moldatu.