Azken hilabeteotan gobernu eta administrazio desberdinetatik murrizketa gogorrak aurrera eraman dira, gehienbat babes sozialerako sistemetan (hezkuntza, osasuna, etab.), krisiari aurre egiteko neurrien artean kokatuta. Hau estatu mailan zein maila autonomikoan gertatzen ari da. Nafarroan, Gizarte Zerbitzuen Sisteman prestazio eta zerbitzu desberdinak murriztu eta desagertu dira, gehienbat familiaren ingurukoak. Haien artean, Oinarrizko Errenta izan da aldaketarik adierazgarrienetarikoak jasan dituena. Oinarrizko Errenta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan bermatua dagoen prestazioa da, hau da, Nafar guztien eskubide aitortua da eta ez dago aurrekontuen erabilgarritasunaren menpe. Pasa den azaroan Oinarrizko Errentaren inguruko aurreproiektu berria aurkeztu zuen Nafar Gobernuak. Aldaketen artean, honako hauek:- Nafarroan erroldatuta egoteko baldintza urte batekoa izatetik 2 urtekoa izatera pasatuko da.- Hemendik aurrera, bizi baimenik ez duten pertsonek ezingo dute laguntza eskatu. Orain arte, egoera legala ez zen laguntza eskatzeko baldintza. Honek paperik gabeko pertsona guztiak babesik gabe utziko ditu.- 13. hilabetetik aurrera kantitatea murriztuko da progresiboki (orain arte kantitatea berdin mantentzen zen 2 urteetan zehar).Neurri hauek kontrako erantzun ugari eragin ditu, gehien bat Nafarroan Gizarte Zerbitzuen arloan lan egiten duten erakunde eta langileengan. Beste aldetik, azken urteotan, krisi ekonomikoa dela eta, Oinarrizko Errentaren eskatzaileen kopurua dezente igo da, eta Nafar Gobernuko balorazio sekzioan 5 hilabeteko atzerapena daramate. Horrek diru-sarrerarik gabeko familia ugari inolako baliabiderik gabe uzten ditu hilabete horietan zehar.Hori gutxi balitz, Caritas-ek orain arte diru-laguntzak aurreratzen zituen kasu edo egoera larriak suertatzen zirenean. Orain dela gutxi adierazi du ez duela aurrerapen gehiagorik egingo, ekonomikoki gaitasun gehiagorik ez duelako.Egoera, beraz, larri bilakatu da eta berri gehiagoren zain gaude.