Gaur egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan, gure buruzagien onespen eta kolaborazioarekin, merkatu finantzarioek funtzio publikoa zorpetu eta legitimitatea kendu diote. Ildo horretan, Red Eléctrica Españolak (REE) berriro formulatu duen Tentsio Handiko Linea eta azpiegiturari onespena eman zaio. Zalantzazko egoera honetan, arrazoi gehiagorekin, herritarrei eman beharreko azalpenak eskatzen ditut.Azpiegitura honen burutzeak, Dicastillo eta Itsaso artekoak (120 km), Sakanako herri askori eragingo lioke. Baina ez dago ez benetako behar sozialik, ez momentuko eskualdeko energia elektrikoaren eskaerarik, eta ezta ere eragingo lituzkeen ingurugiroarekiko eta gizartearekiko kostua justifikatzeko modurik. Orduan zergatik eraikitzeko asmoa? Nork aterako dio etekina inbertsio honi? Espainiako Elektrika Sarea enpresak energia elektrikoaren banaketaren ia 100% monopolizatzen du. Enpresa honen papera ezinbestekoa da merkatu energetikoaren funtzionamendua ziurtatzeko eta negozioa zabaltzeko, hau da, energia elektrikoaren salmentarako. Merkatu energetikoan, egunero kontsumituko den energia enkantean jartzen da. Merkatuari energia kantitate handiak denbora luzeagoan saltzea interesatzen zaio. Hala, energia eskatzaile handiek hori posible egiten dute, Estatuan batez ere garatzen ari den trenbide sektoreko abiadura handiko korridoreekin. Merkatuek, beraz, energia eskatzaile handiak (AHT) eta energia ekoizle handiak behar dituzte, honek energia berriztagarrien ekoizpenaren aldeko sustapenari ez diolarik onurarik ekartzen. Modelo honetan energia nuklearra (Garoña) eta termikoa (Castejongo zentral termikoak) ezinbesteko bi zutabe dira negozioarentzat. Gaineratu beharra dago, Espainiako Elektrika Sareak kotxe elektriko modelo berria aurkeztu duela eta hiri askotan kargatzeko puntuak jartzen hasi direla. Negozio handietarako inbertsio handiak.