Murrizketak, BEZ handitu, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga handitu, soldatak izoztu, lan merkatuaren erreforma eta abar oinarri dituzten berriak entzuten ditugu egunero, batez ere gobernu aldaketa izan denetik. Honen guztiaren aurrean defentsa jarrera dugula dirudi. Baina momentuak eta egoerak arazoei aurre egitea eskatzen du, eta guztiok bat egin benetan kezkatu beharko gintuena berreskuratzeko, esaterako: enplegua, duintasun pertsonala eta kolektiboa, elkartasuna eta ongizate orokorra. Kaleratze krudelak, askotan diskriminaziorik gabe onartutako enplegu erregulazio espedienteak eta, batez ere, ustelkeria, politikan eta aldez aurretik ereindako eremuetan hain alai ibili dena eragozten lagundu beharko genuke. Hausnarketa sakon eta erreal batetik, jar gaitezen lanean erakundeetatik, alderdi politiko progresistetatik, elkarte sindikal eta enpresarialetatik, lehen esan bezala larritasun hau arintzeko. Altsasuko familia askori eta haien seme-alabei eragiten die. Sakanan langabezia tasa %24koa da eta etsipena, gora eginen duelako, eguneroko berriek diotenez okerrena iristeko baitago. Arazo puska honi aurre egin behar zaio, lehentasunez tratatu eta beste gai batzuk garai hobetarako utzi.