Olaztin porlandegia duen FCC hondakinen multinazionalak Nafarroan errausketa sartzeko erabili duen argudio nagusia, lehiakorra den porlana ekoizteko premia izan da, bestela merkatuak negoziotik baztertu egingo duela eta beraiek Nafarroan aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitu nahi dutela. Horrela, alde batetik, lehia askeko sistema batean merkatua izango dela salneurria ezarriko duena, kontsumitzaileak gehien komeni zaion produktua eskatuko duelako beste batzuk baztertuz. Bestetik, eta errausketaren aurka daudenen erantzuna geldiarazi nahian, aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitu nahi duela dio. Bi arrazoi horiengatik porlan lehiakorra ekoitzi behar dutela eta hondakinak erretzea ezinbestekoa dela.Orain dela egun batzuk CNC (Comisión Nacional de la Competencia) delakoak, egiaztatutzat eman du Cementos Portland Valderrivas-ek beste enpresa batzuekin batera, legez kanpo kartel bat osatu duela, ezkutupeko akordioen bidez merkatua elkarren artean banatzeko eta salneurriak adosteko. Beraz, hondakinik erre gabe lehiakortasuna galtzeko beldur zirela zioten bitartean, lehia askeak kontsumitzaileen mesedetan ezarritako preziotik gora saltzen ari ziren, beraien artean eta legez kanpo adostutako salneurrian eta kontsumitzaileei eta sektoreko beste enpresa batzuei sortutako kalteak batere inporta gabe.Are larriago da, nola CPVk, bere enpleguari buruzko ustezko kezka horrekin, konbentzitu zuen Barcina anderea eta honek bere aurkari politikoak erasotzeko erabili zuen hondakinik erretzen ez bazen inbertsiorik ez zela izanen adieraziz (inbertsioak batez ere errausketa instalazioetarako dira) eta aldi berean iruzur eginez, 200 langile sektoretik kanpo utzi dituzten, kaltetutako enpresetako arduradunek adierazi dutenez.Honek guztiak agerian uzten du hauek bezalako gupidarik gabeko multinazionalak edozer egiteko gai direla. Ez die ardura kontsumitzaileak, ez enpleguak, ez pertsonen osasunak, ez Nafarroan ezartzen ari diren beste garapen eredu batzuk. Emaitza kontuak besterik ez die axola eta FCCren kasuan zaborrak, araztegietako lohiak, erabilitako pneumatikoak, ibilgailu zaharren hondakinak, haragi irinak ... erretzea, gure osasuna larriki kaltetzeaz gain, denok ordainduko genituzkeen diru-laguntzak jasotzeko. Arduragabekeria larria litzateke herrien borondatearen eta Olaztiko udal-araudien gainetik jartzea, Nafarroan hondakinak erretzeko aukera halakoen esku uzteko.