Ideiarik ere ez dut nor den Gonzalo Suárez jauna, 2012ko urtarrilaren 15ean El Mundo egunkarian "Txirigota del rey" artikulua idatzi zuena, baina ez dirudi errespetu gehiegirik duenik.Ez dut ulertzen zergatik egin behar dituen komentarioak irailaren 3an Altsasun egin zen parodian inplikatutzat jotzen dituen 4 pertsona horien bizitza pribatuen inguruan.Zer inporta zaigu alkatearen gurasoek bailarako sagardotegi finena edukitzea? Zer inporta zaigu Aritz Fabako errege izendatu izana orain 15 urte? Zer inporta zaigu Oscarren sendia eskuindarra izatea? Zer inporta zaigu Makanak bere amarekin ez hitz egitea pintxoak hartzen topo egiten duenean? Zer da hau, baina?! Nire ikuspuntutik, telebistako programa arrosa horien parekoena.Beste gauza bat: Makanak (ez dut pertsonalki ezagutzen) bizimodua han eta hemen lantxoak egiten ateratzen badu, primeran iruditzen zait. Berea bezain lanbide duina dela uste dut, eta dudarik gabe, kazetari, bankari, politikari askoren eta bestelako espezieena baino askoz ere errespetagarriagoa.Orrialde oso bat horrelako komentario "interesgarriekin" bete daitekeela ulertzea kosta egiten zait, baina hori da errealitatea. Jakin ezazu Suárez jauna, herri honetan asko garela monarkiarekin ados ez gaudenak, eta urte asko daramatzagu hori sufritzen eta mantentzen, ERABAT GURE GOGOZ KONTRA!!!Zure ogibidea idaztea bada, zenbait ideia emateko askatasuna hartuko dut, horiekin bai nahastu ditzakezula bazterrak nahi adina! Barcina anderea, Miranda jauna, Maya jauna.... zer diozu horien dieta eta neurriz kanpoko soldatez? Zer diozu Urdangarin kasuaz? Zer diozu horrenbeste lapurrez? Barkatu, ustezko.